INFO

Azokako bisitaria «ikusle izatetik parte-hartzailea izatera» igarotzen hasi dela txalotu dute arduradunek

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak Durangoko Azokaren 51. edizioaren balorazio positiboa egin du, zenbatekoei eta, batez ere, nolakotasunei dagokionez. Gero eta gehiago, bisitaria ikusle izatetik parte-hartzaile izatera pasa dela nabarmendu du. Bisitari kopuruari dagokionez, iazko kopuruetara iristea espero dute arduradunek.

Azokako arduradunek 51. edizioaren balorazioa plazaratzeko egin duten agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Durangoko Azokaren azken egunaren hasieran agerraldia egin dute arduradunek, balorazioaren berri emateko. Han izan dira Gerediaga elkarteko presidentea, Nerea Mujika; Saguganbarako kudeatzaile Itsaso Gangoitia (Azokako 8 guneen izenean), Musika Industria Elkarteko Ruth Manzano eta Euskal Editoreen Elkarteko Pello Elzaburu.

Nerea Mujikak balorazio positiboa egin du, bai kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere. «Gero eta gehiago, bisitaria ikusle izatetik parte-hartzaile izatera igarotzen ari da. Azoka ez da erakusleiho hutsa, Azoka plaza bat da, euskal kulturaren plaza, eta gero eta gehiago gara plaza honetan parte hartzen dugunak: boluntariotza programaren, topaketa ezberdinen edota egitarauko hainbat jarduera parte-hartzaileren bitartez», adierazi du.

Agerraldia egin dutenean, bisitari kopurua iazkoa baino apur bat beherago zegoen, baina azken orduak aprobetxatzea erabaki dutenen bultzadarekin iazko zifretara iristea espero dute arduradunek.

Bisitarien profilari dagokionez, ostiralak, ikasle egunak, izan duen indarra azpimarratu dute. Atzo ere ikasle andana egon zela nabarmendu dute.

Aurten esperientzia pilotu gisa antolatu diren helduentzako tailerren inguruan, erantzuna gorabeheratsua izan dela azaldu dute, batzuetan parte-hartze handia egon den bitartean, besteetan ez delako hainbestera iritsi. Hurrengo urteari begira, eskaintza «findu eta hobetzeko» asmoa erakutsi dute.