Gojira lapurtarrak Grammyetarako bi izendapen lortu ditu
Grammy sarietarako izendapenak ezagutarazi berri dituzte eta bertan euskal talde bat ageri da, Gojira lapurtarra. Metal interpretazio onenerako izendatu dute ‘Silvera’ abestiagatik eta rock disko onenerako ekainean argitaratu zuten ‘Magma’ lana.
Otsailean jakinaraziko dituzte musikaren Grammy sariak eta horietako bi lortzeko lehian da euskal talde bat. Gojira baionarrak bi izendapen lortu ditu ekainean kaleratu zuen diskoarekin. Diskoa bera rock disko onenerako izendatu dute eta bertako ‘Silvera’ abestia metal interpretazio onenerako.
Baionako talde gisa hedatu da mundura bere ibilbidea Godzilla izenarekin abiatu zuen taldea, hiriburu lapurtarrekoak dira Joseph eta Mario Duplantier anaiak, Kanbon jaiotakoa Jean-Michel Labadie eta laugarren taldekidea Christian Andreu da.
Hastapenetan, eta beranduago ere bai, Euskal Herriko gaztetxeetan jotako taldea da, ekainean 7Kri eskainitako elkarrizketan gogoan zuten garai hura. Su Ta Garrekin Hazparnen jo zutenekoa, Anestesia ere gogoko zutela, Etsaiak...
Harrezkero asko hazi da taldea, mundu osoan sona lortu du eta orain Grammy sarietan lor dezakete aurrera pauso berri bat. Baroness eta bere ‘Schock me’, Korn-en ‘Rotting in vain’, Megadeth-en ‘Dystopia’ eta Periphery taldearen ‘The Price is Wrong’ lanak izango dituzte lehiakide interpretazio onenerako sarian. Rock album onenari dagokionez, Blink-182, Cage the Elephant, Panic! At The Disco eta Weezer taldeen lanak izango ditu parean Gojiraren ‘Magma’-k.