Kalera Kalera ekimenarekin bat egin dute EH Bilduko alkateek
Usurbilgo Kaleragunean egon dira gaur goizean EH Bilduko zortzi alkate, gainerakoak orderkatuz, herrialde bakoitzeko bi. Xabier Arregi usurbildarrak nabarmendu duenez, argi dute presoen auzia herritarren kezka garrantzitsua dela eta herritarrengandik hurbilen den erakundeen ordezkariak izanik, etxera ekartzeko ahaleginak biderkatzeko prest dira.
Kalera Kalera ekimenak Usurbilen duen gune nagusian bisita ugari izaten da egun osoan zehar. Han gaur goizean ziren dozenaka preso ohi eta gainerako lagunak agurtzeko aukera izan dute EH Bilduko zortzi alkatek, beren aldarrikapenarekin bat egiteko bertaratu baitira, koalizioko gainerako hautetsiak ordezkatuz. Hor egon dira, beste batzuekin batera, Xabier Arregi usurbildarra, Natxo Urkixo laudioarra edota Mikel Oteiza atarrabiarra.
Arregik nabarmendu duenez, «herritarrentzat oso gai garrantzitsua da presoena», nonahi egiten ari diren mobilizazioek argi uzten dutelarik. «Herritarren agendan da auzia, eta herritarrengandik gertuen dauden erakundeen ordezkariak izanik, guk ere gurea egiten dugu eskaera hori. Ahalegina egingo dugu gure esparrutik, presoak ahalik eta epe laburrean etxean egon daitezen», erantsi du.