INFO

‘Zirkorrika’ kantak girotuko du 20. Korrika

‘Zirkorrika’ kanta izango da heldu den urtean, martxoaren 30etik apirilaren 9ra, Otxandio eta Iruñea lotuko dituen 20. Korrikaren kanta ofiziala. Gaur aurkeztu dute Iruñeko Condestable jauregian egindako ekitaldian.


Musikari ezagunek hartu dute parte abestian. Xabier Zabala da musikaren egilea, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ohiko kolaboratzailea. Letraren egilea Uxue Alberdi da. Interpretazioan, aldiz, hainbat abeslari eta musikarik hartu dute parte: Izaro abeslari gazteak, Petti beratarrak, Miren Narbaiza Napoka Iria eta beste hainbat proiektutako kantariak, Jurgi Ekiza Willis Drummond-eko abeslariak eta Oihana Fernandez Afu Iruñeko musika-taldeko abeslariak. Jarauta 69 txarangako kideek jarri diote musika, Oreka TX taldeko kideekin elkarlanean.

Doinu balkanikoak gogora ekartzen ditu abestiak, txarangaren erritmoan. Bide batez, zirkoaren mundua islatzen du, Korrikak duen izaera ibiltaria jaso nahian.

Xabier Zabalak azaldu duenez, kantaren partitura Korrikaren webgunean paratuko dute, nahi duen txarangak erabili dezan. Eskoletan kantatzeko playback bertsioa ere eskegi dute, txirula eta txisturen egokitzeekin batera.