INFO

Euskara Lege berria sinatzeko luma eman dio Kontseiluak Ainhoa Aznarezi

Vascuencearen Legeak 30 urte betetzen duen egunean lege berria sinatzeko luma oparitu dio Kontseiluak Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezi. Duela 30 urte onartu zena ez dituela euskaldunen eskubideak bermatzen nabarmendu dute beste behin.

Ainhoa Aznarez Kontseiluaren luma jasotzen (@gpetriati)

Erronkari erantzuteko gogorarekin jaso du Aznarezek luma, egungo egoera gainditu behar dela gaineratuz. Honekin batera, Parlamentuko talde guztiei eskaria luzatuko diela gaineratu du. Iruñeko Condestable jauregian egin duten ekitaldian Geroa Bai (Koldo Martinez eta Virginia Aleman), EH Bildu (Dabid Anaut eta Bakartxo Ruiz), Ahal Dugu (Tere Saez) eta Ezkerrako (Marisa de Simon) parlamentariak izan dira.

Ekitaldiko lehen zatian Vascuencearen Legeak ezartzen dituen zonifikazioaren kalteen testigantzak eman dituzte Jon Jimenez, Mikel Goldarazenak eta Zaloa Basabek.

«Aurreko hilabeteotan hizkuntza gutxituen berreskurapenaren alde lan egiten dugun hamarnaka eragileok gure eskubideak bermatu daitezen hartu beharreko neurriak adostu ditugu Donostiako Protokoloan eta Nafarroakoa bezelakorik ez dut ikusi Europa osoan. XXI. mendean bizikidetzaz, kohesioaz, justiziaz hitz egiten dugun honetan, bestelako Nafarroa bat buruan dugunean, ez al da unea bidegabekeria hori amaiera emateko? Nafarroa berria eraikiko badugu buelta eman diezaiegun orain arteko bidegabekeriei», nabarmendu Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.