INFO

400 gaztek presoekin elkartasuna adierazi dute Usurbilen egindako agerraldi jendetsuan

Usurbileko Kalera Kalera guneak 400 bat gazteren bisita jaso du gaur goizean, atzo Ernaik eta Aitzinak Madrilen eta Parisen egindako ekimenaren ostean. Bi gazte antolakundeen ordezkari banak irakurritako manfiestuan «besarkada beroena» bidaltzeko aprobetxatu dute «Euskal Herrian, espainiar Estatuan, Estatu frantsesean, Portugalen eta Suitzan bahituta dauden euskal herritarrei».

Laurehun bat gazte bildu dira Usurbilgo Kaleragunean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

«Zuekin gaude denok etxean izan arteko borrokan; zuekin gaude, independentizia erdiesteko borrokan; zuekin gaude, askatasunaren aldeko bidean», irakurri dute Ernai eta Aitzinako ordezkariek Usurbilen egindako agerraldi jendetsuan, aurretik hitzaldi bat egiteko aprobetxatu ostean.

«Ulertezinak dira euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak: dispertsioa, isolamendua, komunikazio guztien interbentzioa, bizi osorako zigorra, preso gaixoen aurkako heriotz-zigorrak edota lehen graduaren aplikazioa» salatu dituzte, hori ezagutarazteko atzo Madrilgo Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusian eta Parisko Justizia Jauregiaren egoitzetan kateatu zirela gogoratuz.

Hain zuzen ere, atxiloketa 24 ordu gehiago luzatu dieten Aitzinako zazpi militanteak aipatuz hasi dute agerraldia Usurbilen.

Euskal preso eta iheslariak etxean egon arte «konponbiderik ez dela izango» aldarrikatu nahi izan dute gazteek. «Bide horretan urtarrilaren 6an Donostian eta 14an Bilbon izanen gara, presoen eskubideen alde, konponbidearen eta askatasunaren alde», gehitu dute.