Bermea ordainduta, larunbatean itzuliko dira Euskal Herrira Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte
Euskal Herrira zortzi errefuxiatu ekartzen saiatzeagatik Grezian atxilotu zituzten Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte euskal aktibistek gaur ordaindu dute ezarri zieten 4.000 euroko bermea. Larunbat eguerdian iritsiko dira Loiuko aireportura eta han egingo dituzte lehen adierazpenak.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak jakinarazi duenez, Zuluagak eta Huartek gaur ordaindu dute ezarri zieten 4.000 euroko bermea –2.000 bakoitzak– eta, hortaz, Greziatik atera daitezke.
Larunbatean itzuliko dira, eguerdi partean, Loiuko aireportura. Hegazkinetik jaitsi bezain pronto prentsaurrekoa eskainiko dute bi aktibistek.
Abenduaren 28an atxilotu zituzten, zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzen saiatzeagatik. Epailearen aurretik deklaratu aurretik (30ean), fidantzapean aske utzi zituzten.
«Legez kanpoko immigrazioa sustatzea» eta errefuxiatuen segurtasuna arriskuan jartzea egozten die Fiskaltzak.