INFO

Zuhaitz itxurako piramidea orekatzeko erronka

Gaindegiaren ikerketa oinarri eta behatokiko koordinatzaile Imanol Esnaola bidelagun, euskal ekonomiaren eta demografiaren arteko erlazioan sakonduko dugu erreportaje honetan. Arbola itxura hartu duen piramidea kezka iturri da, baina bada irtenbiderik.

Biztanleriaren bilakaera.

Udalbiltzarentzat egindako “Euskal Herriko geografia demografikoa: bilakaera eta joerak (2016ko maiatza)” txostena eskuan, ekonomiaren eta demografiaren arteko lotura erabatekoa dela baieztatu digu Gaindegia elkarteko koordinatzaile Imanol Esnaolak. Esplikatu duenez, Euskal Herriko ekonomia ez da herri ikuspegiz antolatu, ez ditu bertako aukera eta sinergiak aprobetxatu, eta ondorioz bilakaera demografikoa ere halakoa izan da. Parisko eta Madrilgo estrategiek markatu dituzte biak, zer erranik ez frankismoan. Lan handia dago egiteko, beraz, herri xedea duen paradigma bat eraikitzen.

Ekonomiaren eta demografiaren arteko harremanean berehala sartu du hirugarren elementu bat: lurraldea. Eta, honekin batera, gehiegizko kontzentrazioa gaindituz, lurraldea orekatzeko premia, biztanleriaren %88 lurraldearen azaleraren %19an bizi baita. Inguru batzuk gero eta indartsuago daude, bertzeak gero eta ahulago. Lurraldeen eta sektoreen arteko kooperazio sendo bat beharrezkotzat jotzen du Esnaolak.

Zer erakusten digu iraganak? Gure ekonomia eta geografia ez dira hedatu soilik hiriburuen bueltan, mendi, baso eta ibai arroak garrantzitsuak izan dira. Ikusi non dagoen Orbaizeta, han bazen metalgintzari lotutako industria. Pirinioek funtzio sistemiko bat bazuten. Baita hegoaldeko lautadek ere. Azken urteotan, ordea, gero eta gutxiago.

Francok gerra irabazi ondotik, diktadorearen planari erantzunez, hazkunde ekonomiko bat hasi zen. Hiriburuak indartu ziren eta, hauen inguruan, industria berria. Bertze guneak, aldiz, biztanleria galtzen joan ziren. «Lurralde osoa aktibatu eta orekatu beharrean, exodo demografikoa hasi zen. Industriaren boomak gure bizitzan, ohituretan eta ekonomian erabateko aldaketa ekarri zuen, ekonomiak behar zuelako».

Burujabetzaren arazoa bete-betean

Ekonomia, lurraldea eta biztanleria hirukotean bertze faktore garrantzitsu bat ere sartzen da, beraz: botere politiko eta instituzionala. «Botere instituzional oso apala izan dugu euskaldunok azken mendean. Hegoaldean eskumen oso garrantzitsuak ditugu, baina mugatuak eta berantiarrak. Subiranotasunaren arazoa agertzen da hor bete-betean. Ze burujabetza dugu eta izango dugu gure herriaren oinarrizko osagaiak antolatzeko? Gure burua gobernatuko bagenu lurraldea desorekatzen utziko genuke?».

Gaindegiko koordinatzaileak baieztatu duenez, hazkunde demografikoarekin gure demografia inoiz ezagutu gabeko moduan hazi zen eta prozesua antolatzeko baliabiderik gabe bizi izan genuen. Biztanleria ziztu bizian hazi zen frankismoaren ondoko urteetan, baby booma eta etorkinak (aunitz Estatu espainolekoak) tarteko. Orduko gazte belaunaldi jendetsuak izanen dira hurrengo urteetako adinekoen belaunaldi jendetsuak. 80ko hamarkadako krisiak jaiotzen beherakada eragin zuen. «Ziklo hauei aurre egiteko baliabiderik gabe babesgabe gaude. Gainera, indarrean den babes sozialeko sistemak eta lan harremanek erabat zailtzen dute familia eta lana uztartzea. Gure metabolismo demografikoa bermatu behar dugu. Zergatik dago emantzipazioa 30 urteren inguruan? Zergatik da hain zaila etxe bat eskuratzea? Zergatik dira familia ardurak garapen profesionalerako kaltegarri? Komunitatea geroratzeko oinarriak falta ditugu».

Ipar Euskal Herrian ekonomia egoiliar bat nagusitu dela agertu du, higiezinen enpresei, eraikuntzari eta aisialdiari hagitz lotua. Honek, kostalde osoa urbanizatzeaz gain, ez du sortzen behar den ingurua bertze aktibitate ekonomiko batzuk indartzeko. Hala, ezin izan da eratu bertako gazteak aski enplegatzeko ekonomiarik eta aunitz Estatu frantsesera joan dira lanera. «Aldiz, bizilekua, paisaia, inguru atsegin hori, bertakoek erosi ezin duten salgai bihurtu dute».

Nafarroa Garaian urteotan prozesu izugarri bortitza gertatu dela dio, Iruñerriaren inguruan metatu direlako baliabideak, herritar gazteak eta enpresarik garatuenak. Gainerako guneak aktibitate ekonomikoa eta demografia galtzen ari dira. Adibidez, Pirinioak egoera hagitz-hagitz zailean daude. «Bertako herritarrak etengabe ari dira lanean, badute bizitzeko grina, baina administrazioak ez die lagundu izan hamarkadetan».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «askoz orekatuago dago lurraldea, beste lurralde politika bat egin den seinale». Halere, hemen ere hiriburuen bueltan metatu dira etorkizun handieneko aktibitate ekonomikoak, lehen lurraldean barreiatuta zeudenak. «2009ko krisiak enplegu asko sortzen zuen industria zaharkitu bat kolpatu zuen. Industria hori ez zegoen hiriburuetan, eta orain ez dago pareko eraginkortasun ekonomikoa duen alternatibarik eskualde horientzat».

Lan harremanen eredua, «frankista»

Erronka garrantzitsuak ikusten ditu Imanol Esnaolak aitzinean: «Alde batetik, gure ekonomiak industria ezinbestekoa du, baina aktibitatea lurraldean modu estrategikoan ezarri behar da, espazialki oso kontzentratua dagoelako. Bestalde, eraginkortasun ekonomiko handieneko sektoreetara emakume gutxi daude bideratuta. Beraz, lan harremanak aldatzen ditugu emakumeak sektore horietan normaltasunez eta babestuta sartzeko, edo emakumeak nagusi diren aktibitate berriak bultzatzen ditugu. Hirugarren aukera da biak egitea». Zera erantsi du: «Gure lan harremanen eredua oso frankista da, gizonezkoa lehenesten du».

Jakinarazi du biztanleria galtzen ari diren guneetan batez ere emakumeak ari direla desplazatzen. Zerbitzuak gutxitzen dira, dibertsitate ekonomikoa ere bai, eta emakumeentzat bizilekuan jarraitzeko baldintzak hagitz gogorrak dira sarri. Ibilbide profesionalari uko egin behar diote, adibidez. «Dibertsitate sozial eta ekonomikoa galtzen bada gizarteari bere baitatik berritzeko aukera kentzen zaio».

Gazteak ere galtzen ari dira. «Logikoa da mugikortasuna, baina ez belaunaldien arteko ordezkapen egokirik ez izatea». Erabatekoa da honen eragina: umeak galduz gero eskolak ixten dira, ez dira parkeak berritzen, etxe ondoko saltoki eta tabernek ez dute nori zerbitzu eman... «Metabolismo demografikoari eustea funtsezkoa da, orduan lortzen baita irautea eta berritzea».

Gaindegiko koordinatzailearen arabera, subiranotasunik gabe bizi izan den herri baten argazkia da piramide forma behar zuenak arbola itxura izatea. Enborrari begiratzen badiogu, gazteen gutxitzeari, badirudi gerra bat egon dela. Baina azalpena bertze bat da: «Gure herrian ezarritako egitasmo ekonomikoak ez du herri xederik, ez du geroratzea zaintzen, beraz, langile askoren gogoeta da ‘familia osatzen badugu, enpleguan, garapen profesionalean, zailtasunak izango ditugu’, hori da gazteen errealitatea».

Esnaolaren ustez, desorekari buelta eman dakioke, baina gaur-gaurkoz zailtasunik handieneko eremuetan gauzak ez doaz bide horretatik. Itun nazional bat aldarrikatu du, oinarri bat jartzeko, ekonomiaren eta demografiaren erlazioa bertzelakoa izan dadin.