INFO

Bilboko musika taldeak bultzatzeko dinamika abiarazi du Kaskagorrik

Kaskagorri konpartsak Bilboko gazte musika taldeak sustatu eta bultzatzeko dinamika abiarazi du eta lehen pausua izena ematen duten taldeekin zerrenda bat osatzea izango da.

Kaskagorrik musika taldeak sustatzeko abiarazitako ekimena.

Bilboko musika taldeak ezagutaraztea eta jotzeko aukera ematea helburu duen dinamika bat bultzatzen ari da Kaskagorri konpartsa.

Azaltzen dutenez, lehen pausua hiriko auzoetako talde gazteak bilduko lituzkeen zerrenda bat osatzea izango da eta horren ondoren, Bilboko jai herrikoi zein dinamiketan auzoetako taldeak sustatuko lirateke.

Aldi berean, Aste Nagusian Bilboko gazte errebeldeek eraikitzen duten konpartsa ikaragarria dinamika horren mesedetan erabiliko lukete. «Kaskagorri Bilboko musika talde gazteen eskura jarri nahi dugu», azaldu dute.

Entsaio lokal autogestionatuak edo kontzertuak eskaintzea izango dira aurrera begira planteatzen ari diren beste pausu batzuk.

Auzoetako zerrenda osatzeko asmoz, lehenetsiko diren irizpideak ezagutzera eman dituzte: musika taldeko kideen adin tartea, sexu proportzioa, euskaraz abestea, letra aldarrikatzaileak edukitzea eta abesti propioak edukitzea.

Irizpide horiek ez dira «mugatzaileak» izango, Bilboko panorama musikalera moldatu beharko direla onartuz baina argi utzi nahi izan dute ez dutela «letra ez jokaera matxista, arrazista eta xenofoborik onartuko».