INFO

Genero identitate eta adierazpena ardatz, muxe bat da Zinegoak 2017ren kartelaren protagonista

Zinegoak jaialdiaren 14. edizioaren kartelak lotura du genero identitate eta adierazpenarekin, genero identitatea izango baita aurtengo edizioko ardatzetako bat. Horrela, kartelaren protagonista ez da emakume edo gizon bat, muxe bat baizik.

Zinegoak 2017ren kartela.

Bilboko LGTB nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren kartela aurkeztu du asteazken honetan. Zinegoak jaialdiak 14 urte beteko ditu aurten, eta edizio honetako kartelaren protagonista muxe bat izango da.

Orain arte, Zinegoak jaialdiaren kartelek beti egon dira lotuta sexu orientazioarekin (gay, lesbiana, bisexual) edo transexualitatearekin (iazko kartela, adibidez); aurten, aldiz, genero identitatearekin eta genero adierazpenarekin du lotura, jaialdiaren helburuetako bat horrelako kontzeptuak (nortasuna, rolak, genero adierazpenak) publiko orokorrari helaraztea baita.

Modu honetan, aurkezpenean azaldu dutenez, kartelaren protagonista muxe bat da. Tehuantepec lurraldeko zapoteca kulturak aspalditik onartzen du hirugarren genero hau bere jendartean; ez dira emakumeak edo gizonezkoak baino hobeak edo txarragoak, ezberdinak dira, eta berezitasun propioak eta ezberdinduak dituzte. Hainbat kultura zaharretan, oso ohikoa da hiru edo bost genero ezberdin onartzea.

Kartelean agertzen den argazkia Nuria Lopez Torres argazkilari kataluniarraren lana da; Lopez Torresek batez ere horrelako gaiak landu ditu bere lanetan: generoa, nortasunak, bortizkeriak, sexualitateak eta abar. Kartelaren protagonistak, argazkian agertzen denak, Estrella du izena eta aipatutako lurraldean bizi da.

Genero neutroa

Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, «jende asko harrituta egon daiteke gizonezko edo emakumeetatik haragoko generoez berba egiten dugunean. Gure inguruko herrialde askotan binarioak ez diren generoak onartzen dira modu ofizialean». Horrela, Alemanian, Australian edo Nepalen, besteak beste, dokumentu ofizialetan genero neutroak hautatzeko aukera dago.

Karteletik haratago, Zinegoak jaialdiak genero aniztasunarekin lotutako hainbat gai landuko ditu aurtengo edizioan. «Gaietan izan dugun eboluzio hau presente egongo da jaialdia osatzen duten lanetan ere. Gai afektiboak bakarrik landu beharrean, gero eta interes handiagoa dago genero identitatearen eraikuntzarekin lotura duten gaietan sakontzeko», adierazi du.

Zinegoak otsailaren 20tik martxoaren 5era arte ospatuko da, «otsaila aniztasunaren hilabetea bihurtuz», eta Bilboko hainbat gune kultural (Bilborock, LaFundición, BBK Aretoa, Kafe Antzokia, BilbaoArte eta abar) zinemaz, arte eszenikoez eta kulturaz beteko dira.

Horrez gain, 2017ko edizioak berritasun ugari izango ditu. Alde batetik, formakuntza saioak egingo dira lehen aldiz unibertsitateetako ikasleekin, eta bestetik, ‘Inundación’ antzezlana ekoiztuko da, Magda de Santo argentinarraren zuzendaritzapean. Obra honetan lanean ari dira jada Bilbon, eta jaialdia ixteko arduraduna izango da. Egitaraua hurrengo asteetan zehaztuko da.