INFO

Sarek deituta larunbatean Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du Sortuk

Etzi Bilboko kaleak «txiki» uzteko deia egin du Sortuk, «konpromisoaren bidez» euskal preso politikoen sakabanaketarekin amaitzeko urratsak emateko. Indarrak «biderkatzeko» beharra azpimarratu dute, «Estatu espainiarrak ez baitu borondate demokratikorik gatazkaren ondorioei ekiteko».


Sarek deituta larunbatean Bilbon izango den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du Sortuk. «Gure aldarri eta helburua euskal preso politikoak Euskal Herriratzea da, sakabanaketarekin
amaitzea; azkenik etxean eta libre izateko», adierazi du ohar baten bidez.

Bide horretan kokatzen dute larunbateko eguna. «Bilboko kaleak herritarrez eta borondatez bete behar ditugu, indarrak biderkatu behar ditugu, izan ere, Estatu espainiarrak ez baitu borondate demokratikorik gatazkaren ondorioei ekiteko». Euskal preso politikoek egun honetan ez dute bisitarik izango. «Hala ere, inoiz baino ozenago entzungo dituzte gure elkartasun oihuak», gehitu du Sortuk.

Madril eta Parisi begiratzeari uzteko beharra nabarmendu du Sortuk. «Gakoa Euskal Herrian dago». «Independentziaren zikloari ateak ireki behar dizkiogu denon bultzadaz. Independentzia eta sozialismoa eraiki behar ditugu gaurdanik; justizia soziala, feminismoa eta euskara oinarri izango dituen Euskal Estatuaren eraikuntzari ekin behar diogu. Eta noski, lehentasunen artean preso eta iheslari guztien etxeratzea dugu. Denak etxean nahi eta behar ditugu eta horretarako indarrak biderkatu behar ditugu».

Norabide horretan kokatu du EPPKk bere lerro politikoa egokitu izana eta eguneratzeko
egin duen apustua. «Urrats berri honekin, EPPKk berriro ere frogatzen du bere konpromisoa konponbide prozesuarekin eta Euskal Herriaren askapenarekin. Ekarpen berri honek, zalantzarik gabe, konponbide prozesuaren blokeoa apurtzen lagunduko du. Ez hori bakarrik, konponbide prozesuaren blokeoa apurtzen laguntzearekin batera, askapen prozesuan aurrera egiteko aukerak biderkatuko ditu».