«Urrats zehatzagoak emateko» unea dela iritzita, erakunde eta alderdiekin bilduko da Sare
Bilboko manifestazioan parte hartu zuten milaka lagunek konponbidean aurrera egiteko beharra adierazi zutela uste du Sarek eta, eskaera horri helduta, «2017a blokeoarekin amaitzeko urtea izan dadin», aktore politiko eta sozialekin «bultzatzeko» konpromisoa adierazi du. Sareren iritziz, «urrats zehatzagoak emateko unea hasten da».
Bilbon eginiko agerraldi batean, Sareren bozeramaile Bego Atxa eta Joseba Azkarragak larunbatean milaka lagun bildu zituen manifestazioaren inguruko irakurketa plazaratu dute.
«Duela bost urte ETAk bere ekinbidea utzi zuenetik konpondu gabe dauden eginbeharretan aurrera egiten jarraitzearen beharra adierazi digute Bilboko manifestazioan parte hartu duten milaka eta milaka manifestarik», azpimarratu dute, Atxak euskaraz eta Azkarragak gazteleraz.
Eskaera hori «oso kontuan» hartzen dute Saren eta, zentzu horretan, «2017a blokeoarekin amaitzeko urtea izan dadin, gainontzeko aktore politiko eta sozialekin bultzatzeko konpromisoa» adierazi dute.
Atxak azaldu duenez, Sare «ez da jaio eta ez du lan egiten ere instituzioak edota alderdiak dituzten eginkizunetan ordezkatzera begira». Ekimena bat dator «mendekuzko espetxe politikaren» amaiera eskatzen duten adierazpenak, baina egoerak eskatzen du «adierazpenetatik parlamentuetara eraman ahalko diren formulazio politiko eta juridiko zehatzak bilatzera igarotzea» eta, Atxaren esanetan, hori Sareren «ardura» ere bada.
«Gasteiz, Iruñea eta Madrilgo legebiltzarretan osaturiko gehiengo berriek, bestelako jokabideei aukerak zabaltzen dizkie. Iritzia adierazten duten ekimenetatik, gobernuak derrigorrez bete beharreko konpromisoak adieraziko dituzten ekimenetara. Eta, bereziki, espainiar Gobernuak bete beharrekoak», esan du Atxak.
Hori dela eta, «hainbeste sufrimenduri eta euskal presoen eskubide urraketei amaiera emate» aldera eta horretarako beharra mahaigaineratzeko, iragarri dute Sarek bilera erronda hasiko duela alderdi eta instituzioekin.
«Jakitun gara ez dugula inoren ordezkaritza gure gain, ez gara eta alderdi politiko bat. Baina bai uste dugu euskal jendartearen zati garrantzizko baten babesa dugula, gauza aldatu gabe ezin direla denbora gehiagoz bere horretan mantendu uste dutenak gainera», azpimarratu dute Sareren eledunek.
Horregatik, ekimenaren ustez, «urrats zehatzagoak emateko unea hasten da». «Zentzu horretan kokatzen dugu –nabarmendu dute– datozen hilabeteetan burutuko dugun Batzar Orokorra. Baina, baita ere, indar politikoei konpromiso handiagoak eskatzeko unea ere bada, eta beraiekin bidelagun izatekoa, aurrera egitea suposatzen duen guztian, urrats zehatz eta erabaki argiekin».