INFO

«Lu eta Le», Arriaga antzokian urtarrilaren 30ean

Bernardo Atxagak idatzi eta Juan Carlos Pérezek musikatutako lan honek euskal kulturako bi ekintzaile eta artista esanguratsu ditu ardatz: Lourdes Iriondo (LU) eta Xabier Lete (LE).

‘Lu eta Le’

Ez dok amairu taldeko kideak izan ziren Xabier Lete eta Lourdes Iriondo. 1966tik 1972ra bitartean euskal kultura bere lozorrotik iratzarri eta bide berrietatik ibilarazi zuen abangoardiako kultur mugimenduko kideak, hain zuzen ere.

LU emakume argia izan zen, abeslaria eta idazlea, Gabriel Arestik inoiz «Euskal Herriaren andregaia» deitu zuena; LE, berriz, kantautorea izan zen, baina orobat lan poetiko sendo baten egilea.

Artista bezala partekatzen zituzten gauzez gain, biek izan zituzten osasun arazo larriak eta biei egokitu zitzaien hainbat urtez bizitzea heriotzaren itzala gainean zutela. «Lu eta Le» lan honetan ironia leunezko tonu batean erakusten zaigu Herioarekin izan zuten harremana, bien deliberoa heriotzaren leizean ez amiltzeko, eta bien ezinbesteko joanera.

Urtarrilaren 30ean Arriaga Antzokian ikusteko aukera izango da.