INFO

Isilarazitako ahotsei bozgorailua jarri die «Durango1936.org» webguneak

Faxismoari aurre egin zioten Durangaldeko herritarren testigantzak jasotzen dituzten 800 bideo biltzen ditu «Durango1936.org» webguneak. «Garaileen historiak, historia ofizialak isildu eta baztertutako ahotsei» eta sentimenduei bozgorailua jarri diete, azaldu dutenez.


Holokaustoaren Biktimen Memoriaren Nazioarteko Egunaren bezpera aukeratu zuen Durango 1936 elkarteak hamarkadetan isilarazitako ahotsak biltzen dituen web orria aurkezteko. Durango1936.org du izena eta grabatutako 75 elkarrizketatik ateratako materiala da ikus-entzunezko banku horren altxor nagusia, baina ez bakarra, dokumentuak ere ikusgai baitaude pasarte eta gertaera ezberdinak jasotzen dituzten zortziehundik gora bideo laburrekin batera.

«XX. mendearen zati luzeegi batek Durangaldean eta Durangon utzitako arrasto latzaren» testigantzaren zati bat dela azaldu zuten. Elkartea 2007an jaio zen, eta lan ildo ezberdinen artean berehala ikusi zuen «gerra eta diktadura sasoiko testigantzak biltzearen beharra, galtzaileen aldekoen sufrimendua, bizipenak, errepresioa, jasandako zigorrak...», kontakizun hori egin barik zegoelako.

«Batzuetan posiblea izan zen lehenengo pertsonan, eta beste batzuetan ondorengoek kontatu behar izan zuten aita fusilatu izan zeneko historia...», azaldu zion GARAri Andoni Barreña elkarteko kideak. Zehaztu zuenez, asmoa ez zen historia akademikoa lantzea, «baizik eta herri historia jasotzea, isilarazia eta derrigorrez ezkutatua izan dena». Duela hamar urte hasitako lan horren ondorioz, 82 bideo editatu dituzte eta horietako 75 dira jada web orrian 800 bideo laburretan banatuta aurki daitezkeenak, pasarte eta kontakizun zehatzak biltzen dituztenak. Bilaketak errazteko, elkarrizketatuaren, gaiaren, herriaren edo aipaturiko biktimaren izenaren arabera sailkatuta daude.

Aurkezpenean, Barreñarekin batera izan ziren Iñaki Garaita elkarteko kidea, edizio lanetan ibili den Unai Iturriaga eta Joseba Angulo, 1937an faxistek fusilatu zuten Jose Maria Anguloren seme eta elkarrizketatua.

Lanak protagonisten artean izan duen harrerari buruz, Barreñak nabarmendu zuen zenbaitetan inori kontatu ez dizkioten bizipenak azaltzeko aukera aurkitu dutela biktimek, eta batzuek eskertu egin dutela inoiz ezagutu ez duten onarpena izatea. Bestalde, webguneak belaunaldi berriei egin beharreko transmisioan duen garrantzia aipatu zuen eta bi dei egin zituen: batetik, testigantzak zein materialak dituzten herritarrei, elkartearekin harremanetan jartzeko; eta beste herrietako agintariei, proiektua laguntzeko.