INFO

Auzolanean ekin diote Oiduiko txabola berreraikitzeari

40ren bat herritar bertaratu dira igande goiz honetan Oiduiko txabola berreraikitzen hasteko antolatu duten auzolanera.

Zaldibiako herritarrak, Oiduiko txabolaren berreraikitze lanetan. (zaldibia.org)

Erreta agertu zen atzo, larunbatez, Zaldibiako Oiduiko txabola. Gailurrerantz Mendi Elkarteko ordezkariek aurkitu zuten aurkikuntza eta, teknikariekin egindako lehen ikuskapenen arabera, sua nahita piztu izanaren zantzuak daude, zaldibia.org atariak zabaldu duenaren arabera.

Hala, gaur goizerako egin zuten auzolanerako lehen deialdia; 40ren bat lagun elkartu dira txabola berreraikitzen hasteko asmoz, eguraldi txarrari aurre eginez.

Eragin du erreakziorik Oiduiko txabolaren erreketak. EHNE eta ENBA nekazal sindikatuek gertatua gaitzetsi eta elkartasuna adierazi diete Gailurrerantz Mendi Elkarteari eta Zaldibiako herriari.

EH Bilduk ere oharra plazaratu du, sutea salatu eta elkarrizketarako deia eginez.