INFO

Eibarrekin kontratua luzatu du Sergi Enrichek, 2019ra arte

Eibarrek eta Sergi Enrichek akordioa lortu dute jokalariaren kontratua urtebetez luzatzeko, 2019ko ekainera arte.

2019ko ekainera arte luzatu du Eibarrek Enrichen kontratua. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Urtarrilaren 30ean, Enrichen kontratua deusestatzeko klausulako 10 milioiak ordaintzeko prest agertu zen Fulham, taldea baina lau urtean zehar epeka ordaintzeko.

Eibarrek ez zuen haren salmenta negoziatu eta jokalariak ere ez zuen alde egin eta orain bi aldeek urtebetez luzatu dute kontratua, 2019ko ekainera arte. Kontratua nabarmen hobetu eta deusestatze klausula ere igo egin diote.

2015eko uztailean iritsi zen Enrich talde eibartarrera eta jokalari garrantzitsua izan da, ordutik armaginek jokatu dituzten Ligako partida guztietan jokatu baitu, 17 gol sartuz. Kopan ere bost partida jokatu ditu, eta hiru gol sartu.

Ipuruan egin duen agerraldian, onartu du «ekonomikoki interesgarria» zela Fulhametik egin zioten eskaintza, baina, esan duenez, «nik beste gauza batzuk begiratu ditut, eta hemen geratzea erabaki dugu oso pozik eta gustura nagoelako». «Klubak ni hemen geratzeko esfortzua egin duela» ere azpimarratu du.