INFO

Aurreikuspenak gaindituta, Kursaaleko auditorioan izango da Mas eta Ibarretxeren hiltzaldia

Astebetean 1.200 izen-ematetik gora izan dira Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxek egingo duten konferentziarako eta, aurreikuspenak gainditu direnez, edukiera handiagoa duen Kursaaleko auditoriora aldatu dute ekitaldia. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.

Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxe, Ajuria Enean, 2004. urtean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Agirre Lehendakaria Center eta Gure Esku Dagok elkarlanean ‘Erabakitzeko eskubidea. Kataluniako prozesua’ izenburupeko konferentzia antolatu dute otsailaren 22rako, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidente ohia eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohi eta Agirre Lehendakaria Center ikaskuntzen zentroko zuzendariaren parte hartzearekin.

Hitzordua arratsaldeko 19.30ean dago jarrita, Donostiako Kursaal Jauregian.

Hasiera batean 624 lagunentzako aretoa hartu zuten, baina astebetean 1.200 izen-emate baino gehiago jasota, 1.806ko edukiera duen auditorioa betetzeko apustua egin dute.

Ekitaldira joateko asmoa duten guztiei gogoratu diete aldez aurretik lehen bait lehen izena ematea ezinbestekoa dela. Telefonoz (946017986), posta elektroniko bidez (openakademia@agirrecenter.eus) edo agirrecenter.eus webguneko formularioa betez egin daiteke.