INFO

Oier Gomezek duen minbizia baldintza egokitan artatzeko berehala aska dezaten exijitu dute

Oier Gomez euskal preso politikoaren egoera larriaz ohartarazi eta haren berehalako askatasuna aldarrikatu du Bagoazek, jasaten duen minbizia baldintza egokietan artatu dezaten. Martxoaren 25erako deitua zuen manifestazioaren leloa berregokitu eta gaixotasun larria duten eta zigorra beteta duten presoen askatasuna aldarrikatuko dute Baionan.

Oier Gomezen egoera larriaz ohartarazi du Bagoazek Baionan. (Nahia GARAT)

Bagoazek agerraldia egin du Baionan, Oier Gomez presoaren egoera larriaz ohartarazi eta martxoaren 25erako Baionan antolatu duen manifestazioaren leloa berregokitu duela jakinarazteko.

Azaldu dutenez, Erwing motako sarkoma bat dauka Gomezek, garatuta, eta metastasiak atzeman dizkiote burezurrean eta pelbisean. Ondorioz, kimioterapia eta erradioterapia tratamenduak eman behar dizkiote eta, presoa artatzen duten medikuek azaldu dutenez, egoera hori ez da bateragarria espetxean egotearekin.

La Pitie-Salpetriere-ko sendagileak egindako agirian euskal presoaren minbiziaz eta aplikatzen ari zaion tratamenduaz zehaztasunak emateaz gain, adierazi du «duen patologiak bere bizitza arriskuan jartzen» duela eta ezinbesteko dituen zaintza eta arta «bateraezinak» direla espetxearekin.

Hala, epe labur eta ertainera berriro presondegira eramatea ez dute aurreikusten eta, gainera, «osasun arrazoiengatik epaileek zigorra betetzeko» baldintzak berrikusi beharko lituzketela nabarmendu dute bere txostenean.

Gomezi aplikatzen zaizkion baldintzak bereziki gogorrak direla eta kontrol neurri zorrotzak ezartzen dizkiotela ere gogoratu dute agerraldian: bere gelako atea beti dago itxita eta, irekitzeko, korridorea hustu behar dute; edonor sartzekotan, funtzionario baten presentzian sartu behar da; bisiten ondoren gorputz osoko miaketak…

Presoei ezartzen zaizkien baldintzaak «inhumanoak» direla eta hortan Gobernu frantsesak duen erantzukizuna nabarmendu dute.

Era berean, martxoaren 25ean espetxean 27 urte daramatzaten Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion eta Unai Paroten askatasuna aldarrikatzeko deitua zegoen manifestazioaren leloa berregokitu dute eta zigorra beteta duten zein larriki gaixo dauden presoen kaleratzea galdegingo dute. Parisen erantzukizuna ere mahaigaineratu dute mobilizazio honekin.