INFO

Ohiturari kale egin nahi ez

Azken hamabost urteetan hamaika aldiz lortu du Aimar Olaizolak finalerdietan sartzea.


Horren emozionantea zein nahasgarria suertatu den ligaxkaren korapiloa gaur hasiko da askatzen Olaizola II.a-Untoriak eta Artola-Albisuk Labriten jokatuko duten neurketarekin. Izan ere, kontu bat behintzat oso argi dago: gaurko galtzailea kalera doa. Hortik aurrera, irabazita ere, dena airean gera liteke. Aimar eta Alvaroren kasuan seguru; Iñaki eta Jon Anderren kasuan Urrutikoetxea-Imazek bezperan egindakoaren arabera.

Aimar Olaizolaren egoeran bereziki sakonduta, deigarria da goizuetarrak azken urteetan erakutsi duen erregulartasuna, baita Binakako Txapelketan ere. Datuari erreparatu besterik ez dago: 2002an lehen aldiz sailkatu zenetik, hamabost urtetan hamaika aldiz lortu du finalerdietan sartzea. Azken sei urteetan behin bakarrik falta izan da hitzordura, 2015ean. Pilotari lehiakorra izaki, aurten ere ez du ohitura on hori galdu nahi.

«Begiratzen diogu [sailkapenari], baina astero gauza desberdinak entzunda nahasi samar gabiltza. Argi duguna da irabazi egin behar dela, irabaziz gero aukera handiak izango ditugula, baina ezin dugu pentsatzen egon besteek zer egin behar duten, guk gurea egin behar dugu», zioen Aimarrek azken asteetan horrenbeste aldiz egindako galderari ahalik eta zuhurren erantzunez.

Bere alde, aste bat lehenago pilotaleku berean emandako itxura aparta: «Azken partida ona izan zen bion aldetik. Bakoitza bere lanean ongi aritu ginen eta partida zaila aurrera ateratzeko gai izan ginen. Horrek konfiantza ematen du beti, baina larunbatekoa beste partida bat izango da».

Artola-Albisu, hirugarrenaren bila

Gazteagoak ere badirenez, Artola eta Albisu urrun daude oraindik Olaizolak lortutako estatistiketatik, baina apurka-apurka bi hauek ere Binakako Txapelketaren azken faseetan ohiko bilakatzen ari dira. Jon Ander aurreko lau urteetan finalerdietan izan da, eta azken bi ekitaldietan Iñakiren bikotea osatuz, hain zuzen ere. Hirugarren urtez jarraian, beraz, hauek ere ohiturari kale ez egiten saiatuko dira.

«Orain arteko partidetan akaso tentsio gutxixeago zegoen, oraindik marjin apur bat dagoen irudipen horrekin. Baina hau jada final bat da eta irabazi beharra dago. Hala ere, ohituta gaude. Gure kasuan aurreko bi urteetan finalerdietan sartu izan gara eta antzeko partidak jokatzea tokatu izan zaigu», onartu zuen Iñaki Artolak gaurko demari begira.

Alegiarrak erabat osatuta dagoela berretsi zuen: «Minik ez dago eta horixe da garrantzitsuena, ez dago frontoia bete egingo dela jakin, partida erabakigarria dela jakin, eta zu minaren beldur ibiltzea baino gauza okerragorik». Bai berak bai Albisuk itxura ona eman zuten aurreko igandean Eibarren, eta horri eutsi nahi diote.