INFO

Zakukada bete gol hartuta itzuli da Osasuna Kanaria Handitik (5-2)

Osasunari denboraldi honetan gertatzen ari zaionaren paradoxa izan da igande honetan gorritxoek Kanaria Handian jokatu duten partida. Atzetik hasi izanagatik ere, 1-2 aurreratu dira markagailuan, golak oparitu eta 5-2 amaitzeko. [Neurketaren estatistikak]

Porrot berri bat pairatu du Osasunak Kanaria Handian. (@CAOsasuna)

Beti dago neurketa baten aurrean esperantzarik, baina hau gero eta txikiagoa da Osasunaren kasuan. Egin ahalak eginagatik ere galtzen amaitzen delako da hori, eta igande honetan Kanaria Handian ikusitakoa ez da salbuespena izan.

Maldan gora jarri zaie neurketa gorritxoei hasiera-hasieratik, 7. minuturako bereak markagailuan aurreratu baititu Jesek. Galdu-galdu eginda zeuden gorritxoak zelaian; %80tik gorako baloiaren jabetza izatera iritsi da Las Palmas.

Baina inork pentsatzen ez zuenean, eta gutxik pentsatuko luketen moduan, neurketari buelta eman eta aurretik jarri da markagailuan Osasuna. Kodro izan da gorritxoen iraultzaren arduradun nagusia, bereak izan baitira bere taldearen bi golak. Hala, markagailuan aurretik iritsi dira gorritxoak atsedenaldira.

Baina ahazteko moduko bigarren zatia egin dute Osasunako jokalariek. 55.ean egin du gola Livajak, berdinketa ezarriz. Eta zorigaitzekoa izan da hirugarrena, bere atean egin baitu Unai Garciak. Hortik aurrera burua jaitsi dute gorritxoek, eta hondoa jo dute.

76.ean egin dute laugarrena, eta 87an egin du Jesek bosgarrena, jolasean ariko balitz bezala. Zakukada bete gol jasota beste behin, gutxi dira Osasuna denboraldi honetatik bizirik atera daitekeela uste dutenak.

Errepasatu partidak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.