INFO

Artelanak eta hitzak

80ko hamarkadaren hasieran Patxi Buldainekin tailerra partekatu zuten artisten lanetatik abiatuta, bisitariei boteprontoan sortutako hitzak dira «Esan Ekin» erakusketaren oinarria.


Patxi Buldain, Koldo Agarraberes, Natxo Barberena, Pablo Juarros, Luis Morea, Arturo Navaz eta Oskar Paternain artisten gaineko hausnarketa proposatzen du erakusketak. Javier Garcia Clavel idazlearen ideia izan da, Uharte Zentroaren Habitación programaren barnean kokatzen dena. «Tailer hura existitu izana ospatzen dugu, eta Patxiren irakaspenak dirauela, baita haietako artista bakoitzaren lanak ere, eta horregatik, elkartu egin ditugu Zentroan esperimentatzeko», dio Garcia Clavelek. «Desio filologiko bat eta premonizio batetik» abiatzen da proiektua eta bertan iritzi oro ongi etorria da. «Gela hitzez betetzea, lekua ahozkotasunez gainezkatzea, erakusketa gela baten espazioa/gailurra hitzari itzultzea: horra hor desio filologikoa», adierazi du.

«Obra baten aurrean zer eta nola esaten den aztertzeak ondorio argigarriak eskaintzen ditu. Besteak beste, mintzoaz soilik osaturiko artelan berriak sorraraz ditzake horrek (proba eginen dugu), hau da, jatorrizko balioa eman zaion hitzaz osaturikoak», gaineratu du.

Modu honetan hitzek sortzen dituzten lanez osatuko da, lanek osatzen duten hitzez, elkarrizketaren soinuez eta publikoarekin elkarreraginaz; eta horrez gain, probak egiteko eta prozesuak sortzeko esperimentazio inguru bat egongo da.

 “Esan Ekin” erakusketak publikoari proposatzen dio libreki hitzak, esaldiak, kontzeptuak eta testu zatiak sortzea ikusgai dauden obrak abiapuntu hartuta. Sorkuntzak graba daitezke eta centrohuarte@centrohuarte.es helbidera bidali. Gainera, aretoak telefono zenbaki bat jarriko du bertara whatsappak bidaltzeko.

 Erakusketa martxoaren 19ra arte egongo da zabalik.