INFO

Marokoko erregeak lehen ministroa kargugabetu du, haren lana oztopatu ostean

Mohamed VI.a Marokoko erregeak Abdelilah Benkirane lehen ministro islamista kargugabetu du, urriaren 7ko hauteskundeak irabazi ondoren gobernu koalizio bat osatzeko gauza ez dela izan argudiatuta.


Arabiar Udaberriko mobilizazioen garaian Marokon bertan sortu zen giza mugimendu indartsua ahultzeko Konstituzio berria egiteko agindu zuen erregeak, erregimenari demokrazia kutsua eman nahian. Hauteskundeak ere egin ziren, eta JGA Justizia eta Garapenaren Alderdiak lortu zituen garaipena eta Gobernua osatzeko ardura.

Orduan –2011n– onartu zen testuak ia ezinezko bihurtzen du alderdi politiko bakar batek Parlamentuan gehiengoa izatea, eta egoera hori da Mohamed VI.aren ingurukoei gehien komeni zaiena, beren peoiak mugituz gobernuaren osaketa eta lana bera ere erabat baldintzatu ditzakete-eta.

Orain bost hilabete, urriaren 7an, egin ziren berriz hauteskundeak eta Benkiraneren JGAk lortu zuen garaipena, baina gehiengo absolututik oso urruti geratuta: 395 eserleku dituen Parlamentuan, 125 ordezkari baino ez ditu. Bigarren lekuan BMA Benetakotasunaren eta Modernotasunaren Alderdia («traktorearen alderdia» esaten diote herritarrek, erabiltzen duen logoarengatik) geratu zen, 102 ordezkarirekin. «Erregearen alderdia» ere deitzen dioten formazioak teorian galdu egin zuen, baina islamistei asko kostatu behar zitzaien gobernu koalizio bat osatzea. Aurreko legealdian Benkiranek berak behin baino gehiagotan esan zuenez, «Gobernua zuzentzea ez da boterea edukitzea».

Islamisten kontraesana

Islamistek gauza bakarra zuten garbi: traktorezaleekin, ezer ez. Ekonomiari dagokionez, bi alderdiak eskua elkarri emanda joateko modukoak dira, ez baita alde handirik. Baina ez ideiarik ez proposamenik eztabaidatu ez zen iazko hauteskunde kanpainan, eskandaluak eta filtrazioak izan ziren nagusi.

Bi alderdi handienen arteko ezberdintasun nagusia erregearen zereginen ingurukoa da: «modernistek» Mohamed VI.ak benetako agintea izatea onartzen dute, eta islamistek, aldiz, erregea politikatik gero eta urrutiago ikusi nahi dute.

Berkiraneren alderdikoak etengabeko kontraesan batean sartuta bizi dira: badakite erregeak eta haren zerbitzura daudenek zangotraba besterik ez dietela egingo, azken hauteskunde kanpainan eta ondoren ere garbi asko ikusi ahal izan duten moduan, baina aldi berean, erregimenari hortzak erakustera ez dira ausartzen. Horregatik Mohamed VI.a haserretuko ez duten erabakiak hartzen dituzte, Konstituzioak marokoar demokrazia garatzeko eskaintzen dituen aukera apurrak baliatu gabe. Errege Etxearen negozioak kinkan ipiniko lituzkeen sistemaren salaketa baztertu zuten, duten aginte zatia ez galtzeko.

Traktorezaleekin koalizioa osatzeko aukera baztertuta, beste alderdiengana jotzea beste irtenbiderik ez zuten islamistek. Baina BMA formaziotik kanpo ere erregearen aldeko politikari asko dago Marokon, eta horiek zapuztu dituzte lehen ministro ohiaren ahalegin guztiak, batez ere Aziz Akhannouch Nekazaritza ministro ohiak, Independenteen Biltzar Nazionaleko buruak: Benkiranek bere eskariak onartzen zituenean, beste batzuk jartzen zituen mahaiaren gainean, aurrera egitea ezinezko bihurtzeko. Bera, Afrika osoko pertsonarik aberatsenetakoa, izan da Mohamed VI.aren azken peoia, oraingoz.