Michel Berhocoirigoin: «Apirilaren 9an ETA ez da erakunde armatu bat izango»
‘Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura’ lelopean, foroa egin dute Biarritzen. Michel Berhocoirigoin «bakearen artisauak» esan duenez, apirilaren 8an «desarme orokorraren eguna» izango da, eta biharamunean ETA «ez da erakunde armatu bat izango». Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariak estatuen «isiltasun jasanezina» salatu du eta armagabetze prozesua gauzatzen parte hartuko duela baieztatu du. Armagabetzea «publikoa, gardena» eta nazioarteko eragileek egiaztatua izango dela ziurtatu dute.
Goiza trinkoa izan da Biarritzeko Bellevue aretoan eta bertaratu diren 300 pertsonek adi-adi jarraitu dute ‘Armagabetzea bake-prozesuaren zerbitzura’ izenburuarekin Bake Bideak antolatutako foroa. Atzokoan Kolonbiako adibidea aztertu zen moduan, gaur goizekoan, batez ere Luhusoko ekimenaren ostean zabaldutako bidea eta gizarte zibilaren eskuhartzea izan dute aztergai.
Michel Veunac Biarrizko alkateak ireki du foroa Biarritzen. Oso pozik mintzatu da, Bake Bideako ordezkariak eta «bakearen artisauak» hartzeagatik.
Ordezkari politiko asko hurbildu dira Belle Vue aretora, hala nola EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruiz, Sortuko Arnaldo Otegi eta Xabi Larralde, Max Brisson Les Republicains alderdiko ordezkaria, LABeko Jeronimo Prieto eta Eñaut Aramendi, ELAko kideak...
Lehen mahai inguruan, gatazka konponbideetan eta bake-prozesuetan adituak diren Veronique Dudouet Berghof Fundazioko kideak, Kristian Herbolzheimer Conciliation Resources erakundeekoak eta Serge Portelli Versailleskeo Dei Auzitegiko epaileak bere jakinduria ekarri dute, batez ere armagabetzeak konponbiderako beste atalak aitzinarazteko duen potentzialitatea azpimarratuz.
Gatazka eta herri bakoitzak bere berezitasunak dituztela nabarmenduta, «bide berritzaileak» asmatu behar direla esan dute. Bakea «denen zer egitekoa» dela eta zentzu horretan gizarte zibilak jokatzen duen papera aipatu dute denek.
Luhusoko ekimena
Hain zuzen ere, hori izan da bigarren mahainguruaren gai nagusia. Bake Bideako presidente Anaiz Funosas, Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegaray eta Michel Berhocoirigoin «bakearen artisauak» hartu dute parte. Azken horrek Luhusoko ekimenaren helburuak eta nondik norakoak azaldu ditu. Une hartatik goiti, gauzak ez direla berdin eta «urrats berriak» emateko premia ondorioztatu zutela gaineratu du.
Bigarren mahai inguruan Bake Bideako Anaiz Funosas, Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria eta Michel Berhocoirigoin «bakearen artisaua» ari dira, Luhusoko operazioaren ondorengoa aztertzen. Berhocoirigoin ekimen haren nondik norakoak azaldu ditu eta helburua estatuak interpelatzea eta haien «arduragabekeria agerian jartzea» zela esan du.
«Jabetu ginen armagabetzea giltzarria zela prozesua desblokeatzeko. Era berean, gizarte zibilak inplikatu behar zuela konturatu ginen», nabarmendu du.
Bi agertoki
Orain, bi agertoki daudela azaldu du: edo Paris «zentzudun» bihurtzen da eta armagabetze ordenatua ahalbidetzeko aukerari heltzen dio, edo «guk aldebakarreko bidetik segituko dugu». Lehenaren zain geratu gabe, bigarren bide horren lanketan buru belarri ari direla segurtatu du, oraingoz xehetasun gehiago ematerik ezin duela esanda. «Edozein modutan, arrakasta izango dugu eta apirilaren 8an armagabetzea erabatekoa eta egiaztatua izango da».
Hala, apirilaren 8a «desarme orokorraren eguna» izango dela ziurtatu du, eta segidan «zergatik Estatuak ez du engaiatu nahi?», galdetu du. Nabarmendu duenez, biharamunean ETA «ez da erakunde armatu bat izango».
Armagabetze prozesua «publikoa, gardena» eta nazioarteko eragileek egiaztatua izango dela ere ziurtatu du.
Etchegaray: «Apirilaren 8a gure data da»
Ildo beretik mintzatu da Jean-Rene Etchegaray. Adierazi duenez, hainbat aldiz zuzendu zaizkie bi estatuei baina haien «isiltasuna jasanezina» da eta «gure herrialdeari eta gure jendeari mespretxu egitea da».
Apirilaren 8an armagabetzea burutzeko prozesuan izango dela baieztatu du eta estatuei ohartarazi die oraindik ere badutela esku hartzeko aukera, data hori baino lehen ere bai. «Gu han izango gara, ni han izango naiz, eta ez naiz bakarrik izango», ziurtatu du.
Tubiana
Amaierako hitzartzea Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligaren ohorezko presidentearen esku geratu da. «Aietez geroztik indarkeriaren garaia gainditua» dagoela eta «gizarte demokratiko bat eraikitzeko borondatea» argi agertu dela adierazi du. Geroztik estatuei, batez ere Estatu frantsesari, egindako hamaika deiak erantzunik gabe geratu direla gogoratu du. «Burugogogorrak gara, borondate oneko burugogorrak, ondo asko dakite hori estatuek eta Luhuso ondotik ere hainbat bideetatik insistitzen jarraitu dugu. Alta, haien aldetik betiko isiltasuna, kasketa harrapatu duen ume baten moduan».
Hala eta guztiz ere, ekinean segitzeko asmo tinkoa dutela nabarmendu du: «Aitzina segituko dugu etorkizuna eraikitzeko daukagulako eta, gainera, itxaropena ere alde dugulako». Eta estatuei zuzenduz, «ikusiko duzue apirilaren 8an» esanez bukatu du.