INFO

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko die Lakuako Gobernuaren aurrekontuei

EH Bilduk iragarri duenez, osoko zuzenketa aurkeztuko die Lakuako Gobernuak PPrekin hitzartu dituen aurrekontuei. EAJk alderdi horrekin «Euskal Herritik kanpo, sekretuan, sinatu duen akordioa» gaitzetsi du eta aurrekontu horiek ez dietela herritarren beharrei erantzuten salatu du.

Iker Casanovak eta Leire Pinedok eman dute osoko zuzenketaren berri. (@ehbildu)

Iker Casanova eta Leire Pineko legebiltzarkideek azaldu dutenez, osoko zuzenketa aurkeztuko diete Lakuako Gobernuaren aurtengo aurrekontuei.

«Aurrekontu txarrak dira ez dietelako herritarren beharrei erantzuten eta, are larriago, ezinbestekoa den zerga erreformaren alorrean iruzur baten atarian kokatzen gaituztelako», adierazi dute.

EH Bilduko parlamentariek ohartarazi dutenez, «erreforma horren beharra ia guztiek onartzea lortu dugu, baina PPren parametroen arabera egiten bada, iruzur bat izango da eta ez du ahalbidetuko Jaurlaritzak gizartearen beharrak asetzeko behar dituen baliabide ekonomikoak edukitzea».

Hortaz, «arduraz jokatu nahi badugu, aurrekontu hauei ezetz esan behar diegu, Jaurlaritzaren gabeziak betikotzen dituztelako».

EAJri leporatu diote EH Bildurekin akordio batera iristeko «inolako borondaterik» ez duela izan. «Proposamen egingarriak eta neurtuak egin dizkiogu, baina txeke zuria eskatu digu. Azpiazuk argi esan zigun bere proiektuan koma bat ere aldatzea ezinezkoa zela eta PP parametro horiek onartzeko prest zegoela», azaldu dute.

Casanova eta Pinedoren arabera, EAJk PPrekin «Euskal Herritik kanpo eta ezkutuan» negoziatu eta lotu ditu aurrekontuak. «EAJk Espainiari begiratzen dio, eskuinari begiratzen dio eta gehiengo sozialari bizkarra eman dio», nabarmendu dute.

Elkarrekin Podemosek ere osoko zuzenketa aurkeztuko zuela iragarri zuen joan zen astean.