Nafarroako Auzitegiaren erabakia txalotu eta Altsasuko gazteak askatzea eskatu du EH Bilduk
Txalotu egin du EH Bilduk Nafarroako Auzitegiak Altsasuko gazteak Iruñean epaitzearen alde aditzera eman berri duen erabakia. Era berean, oraino espetxean jarraitzen duten hiru gazteen askatasuna eskatu du.
Nafarroako Auzitegiak Altsasuko istiluen ostean atxilotuak izan ziren gazteen senideek aurkeztutako errekurtsoari eman berri dion erabakiaren inguruko bere gogoeta plazaratu du EH Bilduk prentsa ohar baten bidez.
Gazteak Iruñean epaitzea «esperantzaren ateak irekitzen dituen erabakia» dela uste du koalizio independentistak, «erabaki zentzuduna». Gaineratu ez zegoela arrazoirik kasua «terrorismotzat» hartzeko, ezta Audientzia Nazionalera eramateko ere.
Hala, «eskuetatik alde egin eta proportzioa galdu» duen gertaeren amaierarako lehenengo urrats bezala hartzen du EH Bilduk Nafarroako Auzitegiak plazaratu berri duen erabakia.
Gainera, eta aipatu erabakiaren ostean, uste du espetxean jarraitzen duten hiru gazteak aske uzteko arrazoi bat gehiago dagoela, gogoraraziz jada lau hilabete igaro direla hauek espetxeratuak izan zirenetik.