Akordiorik lortu gabe gobernua osatzeko epea agortu dute Irlanda iparraldeko alderdiek
Irlanda iparraldeko alderdiek ez dute akordiorik lortu Gobernua osatzeko eta gaur arratsalderako Stormonten egitekoak ziren batzarra bertan behera geratu da. Sinn Feinek atzo iragarri zuen negoziaketetan ez zuela parte hartuko eta ez zuela lehen ministroorde posturako hautagairik aurkeztuko.
Irlanda iparraldeko alderdiek gaur arratsaldeko lehen ordura arte zuten epea Gobernua osatzeko negoziazioetan akordio batera iristeko, baina epea bukatuta ez dira ados jarri eta Stormonten lehen ministroa eta ministroordea hautatzeko egitekoak ziren batzarra bertan behera geratu da.
Egoera horreala, Gobernu britainiarrak erabaki beharko du orain denbora gehiago ematen dien alderdiei, berriro hauteskundeak deitzen dituen edo autonomia bertan behera uzten duen.
Negoziatzeko borondate eza
Sinn Fein alderdi errepublikarrak atzo iragarri zuen ez zuela negoziazioetan parte hartuko eta ez zuela lehen ministroorde kargurako hautagairik aurkeztuko. DUP alderdi unionistari negoziatzeko borondaterik ez izatea leporatu zion Gerry Adams alderdiko lehendakariak.
Arlene Foster DUPeko buruak, aldiz, Sinn Feini desberdintasunak gainditzeko jarrera «gogorregia» izatea egotzi dio.
Stormonteko Gobernua urtarrilaz geroztik dago geldirik, Martin McGuinness zendu berriak dimisioa eman zuenetik, hain zuzen ere. Londresko Gobernuak hauteskundeak aurreratu behar izan zituen eta martxoaren 2an egin ziren. Unionistek irabazi arren, errepublikarrei eserleku bateko aldea besterik ez zieten atera Stormonteko Parlamentuan.
Sinn Feinek nahi du DUPek Arlene Foster behin behinean alde batera uztea, energia berriztagarrien inguruko afera batean inplikatuta dagoen ala ez argitzen den bitartean.