INFO

Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren adierazpenaren irakurketa antzeztua

Bilboko Udalak zenbait jarduera antolatu ditu Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, horien artean egunaren adierazpenaren irakurketa antzeztua izango da Arriaga Antzokiaren plazan.


Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak (ANI-IIT) 1961ean sortu zuen Antzerkiaren Nazioarteko Eguna. Martxoaren 27an egiten da urtero, eta arte eszenikoekin lotutako hainbat ekitaldi antolatzen dira eta garrantzitsuenetakoa mezu ofizialaren irakurketa izaten da.

Eguerdian Arriaga Antzokiaren plazan antlaturiko ekitaldian diziplina anitzetako hiru profesionek parte hartuko dute. Joseba Negro teklatuan eta trikitixan espezializatutako musikaria da, Shakti Olaizola zirkuko hainbat diziplinatan trebaturiko artista da. Marta López Mazorrak ibilbide luzea egin du zinean eta antzerkian, irakaskuntzan, sorkuntzan eta eszenako arte zuzendaritzan.

Eszenaratze horrekin, Bilboko Udalak tokia egin nahi die kaleko arte eszenikoei ere, Artekale Euskadiko Kaleko Arteen Elkartearekin batera.

Arratsaldeko programazio eszenikoa Zirkuitua egitasmoko ikuskizunetako batekin hasiko da, 19.30etan, Otxarkoagako udal zentroan, sarrera librearekin. Bea Insaren eta Leyre Berrocalen ‘Vidas pasadas’ lana izango da, umorez betetako proposamena. Ikuskizun horretan, kazetari hiperestresatu batek krisialdi existentzialean erabat murgilduta dagoen antzezlea elkarrizketatuko du.

Ondoren, eta Antzerkiaren Nazioarteko Eguna amaitzeko, 20.30etik aurrera, antzerki laburreko bi pieza izango dira Harrobia Eskenak, bakoitza 20 bat minutukoa: Enriqueta Vegaren ‘Diva di Palo’ eta Pako Revueltasen, Na Gomesen eta Enriqueta Vegaren ‘Procrastinaríon.. o tengo un pato en la nevera que se llama Dostoieski’.