Munduko hamabi hiritan ere Korrikak antolatu dituzte
Etxepare Institutuaren unibertsitate sareko hamabi unibertsitateetako irakurleek egitarau bereziak antolatu dituzte 20. Korrika dela-eta. Hungaria, Italia, Finlandia, Ingalaterra, Txile, Mexiko eta Chicagon izango dira ekimenak, beste lurralde batzuen artean.
Heldu den ostegunetik aurrera, Korrikaren mezuak mugak gaindituko ditu eta mundu guztira zabalduko da, bi urtero egiten duen bezala.
Etxepare Institutuarekin egindako elkarlanari esker, munduko hamabi hiritan hainbat ekintza antolatu dituzte erakunde horren unibertsitate sareko irakurleek. Hala, Leipzig (Alemania), Cork (Irlanda), Szeged eta Budapest (Hunaria), Venezia, Helsinki, Brno (Txekiar Errepublika), Edinburgo, Liverpool, Txileko Santiago, Chicago eta Mexiko Hirian euskararen alde korrika egingo dute eta beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte hiri horietako euskal komunitatearekin partekatzeko.
Etxepare eta Korrika elkarlanean aritu dira nazioartean euskararen inguruko mezu positiboa zabaltzeko.