INFO

Anaitasunak hartuko du larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala

Larunbatean, 17.00etan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Hau da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 43. edizioren finalareko zita. Zortzi bertsolari arituko dira bertan: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa finala aurkeztu dute Anaitasunan. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

35 bertsolarik eman dute aurten txapelketan izena, inoizko kopururik handiena. Zortzi finalistak hautatzeko bidea otsailaren 18an abiatu zen Tafallan eta ordutik zortzi saio egin dituzte (Tafalla, Auritz, Lakuntza, Irurita, Uharte, Bera, Antsoain eta Agoitz). Orotara, 1.500 entzule izan dira saio hauetan.

Emakumerik ez da izango finalisten artean, baina txapel jartzailea Luzia Goñi Olias izanen da. 1928an jaio zen Aizarotzen, orain 89 urte. Ogibidez, sukaldaria, eta ehunka bertso idatzien egilea da. Halere, garai haietan emakumea izateak plazan aritzeko aukera ezinezkoa bihurtzen zuen. Hamarkadetan bertsolaritzaren alde egindako lan isilean aritu diren emakumeen lana aitortu nahi dute. 

Azken txapelketak, 2015ekoak, Elizondon izan zuen finala. Bertsozale Elkarteko Lorea Arburuak onartu duenez, orduan erakundeen babesa txikiagoa zen. Orain, berriz, babes hori handiagoa da eta Anaitasunara itzultzeko aukera ematen du. Iruñeko Udalak emandako sostengua aipatu du bereziki Arburuak.

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala Korrikaren amaieraren bezperan izanen da. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, euskal kulturak besta handia izanen du asteburu honetan Iruñean.

Sarrerak eskuratzeko www.bertsosarrerak.eus webgunera jo daiteke. Honekin batera, ostiralera arte puntu fisiko hauetan erosi ahal izanen dira: Iruñea (Karrikiri), Elizondo (Fantxixe), Lesaka (Okindegia), Leitza (Maimur), Etxarri Aranatz (Xapatero), Lizarra (Katxetas). Larunbatean Anaitasuneko leihatilean izanen dira salgai. 18 euroko prezioa dute sarrera arruntek, eta 12koa 16 urtetik beherakoen eta Bertsozale Elkarteko bazkideendako).