INFO

Saniko Auzo Etxeak ateak ireki ditu Navarro Villoslada kaleko Eroski zaharrean

Hainbat urtetan itxita egon den Navarro Villoslada kaleko Eroski Zaharra berreskuratu du San Inazio auzoko talde batek. «Kontrabotere gune bat» bezala eraiki nahi dute herri mugimenduek beren jarduera antolatzeko eta aurrera eramateko.

Saniko Auzo Etxea.

Apirilaren 1ean, larunbata, Navarro Villoslada kaleko Eroski Zaharrean ateak ireki ditu Saniko Auzo Etxeak. Dagoeneko bi gau igaro dituzte okupatu berria den eraikinean. Informazio gunea irekita daukate eta auzo lana arratsaldeko 16.30etatik 19.30etara egitekoak dira.

Sare sozialetan azaldutakoaren arabera, San Inazio auzoko talde batek «gure beharrak eta interesak asetzeko baliabide falta somatuta» espazio fisiko «autogestionatu» bat behar zutela adostu zuten eta 2017an prozesu honi bultzada bat emateko unea iritsi dela azpimarratu dute.

Navarro Villoslada kaleko Eroski Zaharra itxita egon da hainbat urtetan eta nabarmentzen dutenez, gunea «berreskuratu» eta auzokide «guztiona» bilakatzea dute helburu.

«Kontrabotere gune moduan eraiki nahi dugu, auzo eta herri mugimenduak bere jarduna antolatzeko eta aurrera eramateko, baita herri sormenari bidea irekitzeko ere», azaltzen dute aurkezpenean.

Ildo horretan, atea irekita egongo dela diote «proiektua ezagutu eta lagundu nahi duen edonorentzako». «Animatu eta pasatu zaitez zure ideiak, nahiak eta proposamenak partekatzera», dei egiten dute.

Bestalde, sare sozialetan harremanetan jartzeko aukera ere badago. Emaila sanikoau@hotmail.com da, facebook kontua Saniko Auzo Etxea eta twitter-en @saniberpiztuz.