INFO

Emakumeak medikuntzatik kanporatu zituztenekoa

Gizonezko bat eta emakumezko bat paziente bat artatzera badoaz, oraindik ohikoa da medikua gizona dela pentsatzea. Horrek iraganean dauka oinarria, baina feminismoaren borroka bizi bat da egun.


Bazen garai bat medikuntza emakumeen arloa zena, baina gizartearen interesak zirela medio eremu horretatik atera zituen gizarte patriarkalak. Hori oraindik agerikoa da gaur egun. Pazienteei dagokienez ere desberdin tratatzen dira emakumezko edo gizonezko izan, eta horrek ere iraganean dauka oinarria. Horren inguruan aritu ziren Amaia Nausia historialaria, Irune Tubia medikua eta Ana Galarraga zientzia-komunikatzailea, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Iruñean antolatutako biltzarrean.

Nausiarekin eta Tubiarekin hitz egin genuen biltzarraren aurretik, beren ekarpenaren giltzak azal ziezazkiguten. Historialariak XVI. mendera egin zuen salto egun emakumeak osasunaren arloan bizi dituen egoerak azaltzeko eta medikuak honek emandako gakoak indartu zituen.

«Zibilizazioen sorreratik emakumea gizartearen gaitz guztien jatorritzat hartu da eta horren arabera teoria desberdinak garatu dira. XVI. mendean bazegoen teoria mediko bat emakumeak intelektualki ahulagoak garela azaltzen zuena. Gizonaren ernal-hazia jasotzean emakumearen sabela hotzegi bazegoen neska bat jaioko zen; bero-bizia falta zaionez, naturalki tentelagoa da», esan zuen. Ideia horri jarraituz diskurtso paternalista bat sortu zen. «Gizakiak pasioek menperatuta gaude, baina emakumeok gaitasun intelektual baxuagoa dugunez, ez gara pasio horiek kontrolatzeko gai. Horregatik, esaten zuten gure ondoan gizon bat izan behar dugula gu kontrolatzeko», aipatu zuen. Estatu modernoa sortu zenean hierarkia horren baitan bakoitzak bere rola zein zen argi izatea garrantzitsua zen: emakumearen papera haurrak izatea zen.

Hala, pixkanaka emakumeak eremu pribatura mugatzen joan ziren, etxeko eremura, eta eremu publikoa galdu egin zuten uste zelako emakumeak gizartearen ordenarentzat arriskutsuak zirela. Hori ondo ikusten da medikuntzan zuten paperean: «Tradizioz emakumearen ofizioa zen bazirelako amaginak eta sendatzaileak. Baina une batean kanporatu nahi izan gintuzten eremu publikotik. Unibertsitateko formakuntza hasi zenean gizonezkoek soilik zuten sarbidea, eta orduan emakumeek zuten ahozko jakinduria hori mespretxatzen hasi ziren, hori zientzia ez zela esanez».

Horrela, mediku profesionalak herrietara iristen hasi zirenean titulaziorik gabeko emakume sendatzaile eta emaginak sorgintzat hartu zituzten. Izan ere, historialariaren esanetan, sorginkeria salaketetako emakume asko emaginak eta sendatzaileak ziren.

Bestalde, bere hitzetan, argi ikusten da patriarkatuak betidanik emakumearen ugaltzeko gaitasuna kontrolatu nahi izan duela. «Emakumearen helburu bakarra amatasuna da eta, hortaz, eskulana sortzen du. Hori kontrolatzea oso garrantzitsua da sistema patriarkal eta kapitalistarentzat. Kontrol hori gaur egunera arte iritsi da; esaterako, hor dugu abortuaren legea», adierazi zuen adibide gisa.

Zentzu horretan, emakumearen sexualitatearekin zerikusia duen guztiak bekatuaren zama darama. «Gurean naturala den guztia desnaturalizatu egin dute. Gure hilerokoa gauza zikin bezala ikusten da, eta zikina denez garbitu egin behar da». Horren beste adibide bat menopausia da. Izan ere, kristautasunaren arabera, harreman sexualak haurrak izateko bakarrik dira, eta menopausia iristen denean emakumeek ezin dute haurrik izan. «Gaitz bat balitz bezala ikusten zen eta emakumeak baliogabeak bilakatzen ziren. Gaur egun ere medikuntza saiatzen da menopausiaren ondorioak saihesten, eta orduan botikak ematen dizkigute gaztaroan bezala sentitzeko, zerbait naturala bezala hartu beharrean. Emakumearen zahartzaroa galera bat da, emakumeok gizartearentzat dugun onura bakarra, haurrak izatea, galtzen dugulako», bota zuen Nausiak.

Emakumeen beste gaitz bat histeria omen zen. «XVI. mendean zioten emakume bat alargun gelditzen zenean ugaltzeko hazia sabelean pilatzen zitzaiola eta orduan histerika bihurtzen zela, eta emakume hori gizartetik aldendu egin behar zela ezkongabeentzako eragin txarra izan zezakeelako».

Iraganetik orainaldira salto

Amaitzeko, historialariak esan zuen badaudela ikerketa batzuk diotenak emakumeei botika gehiago ematen zaiela, baina ez zuen ideia horretan sakondu nahi izan, bere mahaikidea izango zen Irune Tubiak hobeto azalduko zuelako. «Ikerketa batzuek esaten dute emakumeei botika gehiago ematen zaiela, batez ere antsietaterako edo arazo psikologikoekin harremana duten arazoetarako, baina adibidez bihotzarekin zerikusia duten kontuetan ikusi da batzuetan emakumeei tratamendu arinagoak ematen zaizkiela», baieztatu zuen medikuak.

Hala, arazoa da sintoma berberak izanik desberdin tratatzen direla. «Emakume bat buruko minez edo bularreko minez etortzen bada arazo psikologikoetan pentsatzen da gehiago, eta, aldiz, gizonezkoekin bihotzeko eta horrelako arazoetan pentsatzen da gehiago». Hori gertatzeak arrazoi desberdinak ditu, Tubiaren ustez. «Kontuan izan behar da, alde batetik, emakumeak paziente bezala nola sentitzen dituen sintomak (batzuetan ez diotela garrantzirik ematen) eta bestetik, gaixotasun batzuen prebalentziagatik (ohikoagoak direla batean edo bestean). Baina batzuetan ere nahi gabe jotzen dugu sintoma berberari balio desberdina ematera. Hori kontuan hartzeko gai bat da», azpimarratu zuen.

Nahi gabe gertatzen da ere beste egoera oso tipiko bat: «Askotan gertatzen zaigun gauza bat da, batez ere emakume gazteak garenoi, paziente batengana joatea gizonezko erizain batekin eta pazientean berari bakarrik hitz egitea uste duelako bera dela medikua. Gertatzen da gela batera sartzea eta galdetzea ea noiz etorriko den medikua, nahiz eta aurretik esan medikua ni naizela». Nahiz eta gero eta emakume ikertzaile gehiago egon, oraindik ere izen handiak gizonezkoenak direla aipatu zuen eta medikuntzaren zein ikerkuntzaren arloan ere badagoela kristalezko sabaia.