INFO

«E, petrel! Julio Villarrekin solasean», Loraldian

Loraldiak bere azken proposamenak aurkezten dizkigu asteburu honetan. Horien artean, Astrolarium Teatroak bihar Campos Eliseos antzokian aurkeztuko duen antzezlana. Abenturazale donostiarraren espiritua islatzen duen obraren estreinaldia izango da Bizkaian.


Astrolarium Teatro 2015ean sorturiko taldearen aurreneko obrak Julio Villar donostiarraren bizitzaren aurreko jarrera eta filosofia gerturatzen dizkigu. Antzezlanaren jatorria, “Eh, petrel! Cuaderno de un navegante solitario” izeneko Villarren liburua da. Bertan, “Mistral” belaontzian egindako bidaia azaltzen da. 1968an Bartzelonatik abiatu eta, 38.000 itsas milia egin ostean, Lekeitiora iritsi zen 1972an, munduari bira eginda.

Mikel Sarriegi antzezlanaren zuzendari eta protagonistak Julio Villar nor zer argitzen digu. «60ko hamarkadan puntako mendizalea zen. Mont Blanc mendian istripu larri bat izan zuen. Istripuaren ondorioz, bi egun, eta, berak dion moduan, baita bi gau ere, eman zituen paretan zintzilik, bi hankak puskatuta». Erreskatatua izan ostean, hamabost hilabete pasa zituen osatzen. Abenturazaleak, mendira itzultzea erraza ez zuela izango jakitun, «belaontzi txiki bat eskuratu zuen Bartzelonan, eta, nabigazioari buruz ezer jakin gabe, munduari bira eman zion lau urte eta erdian. Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta munduari bira ematen Estatuko aurreneko bakarkako nabigatzailea izan zen».

Antzerkirako moldaketa Mikel Sarriegi berak egin du. «Saiatu naiz Julioren esentzia mantentzen», aitortu digu. Julio Villar bizirik dagoenez, «egokitzapena egiteko orduan, galdera bat sortu zen nire barnean. Zer egin ote du Juliok urte hauetan guztietan? Eta liburuan erakutsitako filosofia horrekin jarraitzen duela ikusi dut».

Orduan bururatu zitzaion elkarrizketa moduko bat sortzea gaur egungo Juliorekin. «Egungo Julioren eta Julio gaztearen arteko elkarrizketa –zuzendari eta protagonistak laburbildu moduan–. Julioren esentzia mantentzen saiatu gara. Ondorioz, denetarik agertzen da obran: maitasuna, bakardadea, beldurra, haizea, izarrak, itsasoa…».

Eszenografia xumea erabili dute protagonistaren filosofia aintzat hartuz: hiru kutxarekin egiten dute den-dena. «Gauza gutxirekin asko erakutsi nahi genuen». Hala, elementu ezberdinak irudikatzeko erabiltzen dituzte kutxok.

Mikel Sarriegik Villarren papera egiten du. Alvaro Garayalde donostiarrak, berriz, lagunarena. Iñaki Dieguez musikari eta akordeoilari iruindarrak, azkenik, espresuki obra honetarako sortutako musika jotzen du zuzenean. «Hirurak gaude denbora guztian agertokian eta hiruron artean guztia egiten dugu».

Campos Eliseos antzokian bihar aurkeztuko duten antzezlana, orain urtebete estreinatu zen Albaola Itsas Kultur Faktorian. Julio Villarrek euskaraz ez zekienez, gazteleraz sortu eta aurkeztu zuten obra. Berehala Itziar Otegik euskarara itzuli zuen eta uneotan euskarazko emanaldiekin ari dira.

 

Mikel Urdangarinen berriena, agurtzeko

Martxoaren 7an abiatutako festibala bere azkeneko astean murgildu da jada. 29 egunotan, diziplina artistiko ezberdinetako 30 ikuskizun, bi ekoizpen propio eta 150 artisten parte hartzea izan du jaialdiak. Laugarren astea abiatzeko, Iban Zalduak eta Iñigo Astizek “(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)” izenburupean mahai ingurua egin zuten astelehenean, eta, atzo, berriz, Urretxindorra eta Deustu ikastoletako umeek prestaturiko “Loraldia eskola” ikuskizuna taularatu zen Campos Eliseos antzokian.

Loraldiarekin bukatzeko, larunbatean Mikel Urdangarinen “Eskutik eskura” disko berriaren aurkezpena egingo da, Campos Eliseos antzokian bertan. 20.00etatik aurrera Urdangarinen grabazio berria ezagutzeko aukera izango da. Rafa Rueda, Koldo Uriarte, Angel Celada, Jon Cañaveras edota Nika Bitchiasvili izango ditu ondoan agertokian, besteak beste. R.N.