INFO

Martxelo Otamendi (ere) gazteleraz bizi zenekoa...

(Korrikaren istorio batzuk: 4) Askotan kontatu du Peña bertsolariak herritik Tolosara joatean «casero» deitzen zietela bertako gazteek. Gazteleraz bizi ziren euskaldunak ziren eta tartean, Martxelo Otamendi. 17 urterekin hartu zuen kontzientzia euskaldunak euskaraz bizi behar zuela eta urte gutxira, Peñagarikanori berari alfabetatze eskolak ematen aritu zen.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Euskararen munduan izen ezagunik bada hori Martxelo Otamendirena da. Ez da horren zabaldua, ordea, euskaldun izan arren gazteleraz bizi zirela orduko Tolosako gazte asko. Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak gogoratu ohi du Albizturdik Tolosara joandakoan bertako gazteek, tartean Martxelok, «casero» deitzen zietela. «Gure artean dena euskaraz egiten genuen, ez genuen erdaraz hitzik ere egiten... eta hara non, Tolosara etorri eta hauek hitzik ere ez euskaraz», dio Peñak, «ya vienen los caseros» esaten omen zieten.

Audio-erreportajea

Loading player...

Egungo ‘Berria’-ko zuzendariaren izena horren ezaguna delako kontatu ohi du Peñak istorio hori, gazteleraz bizitzeko kontu hori zenbateraino zen ohikoa adierazteko.  Ondarroar bati entzun omen zion Peñak, «nik beti entzun dot, Tolosan berba ondo, baina gitxi», ez dio kontrakorik Martxelok, bere etxeko hitzak ekarriz, «aitak beti esaten zian, ‘Tolosako euskara polita... egiten dutenena bai!’».

Amezketako Patxi izeneko klasekide baten hitzek eragin omen zion jarrera aldaketarako ‘klik’ hori: «erdaraz ari ginela barra-barra hala esan zigun, ‘zuek zer ari zarete erdaraz? Ez duzue lotsik? Euskaldunak izanda erdaraz?’». Orduan esan omen zion bere buruari Otamendik, «hik hau berriz ez didak esango». 16 edo 17 urte zituen eta euskaraz bizitzen hastearekin bat garaiko D titulua ateratzeari ekin zion. 

Gutxira paradoxa, AEKn buru-belarri ari baizen Martxelo Otamendi eta tartean eskolak ematen ere bai. Peñagarikanok alfabetatzeko beharra zuen, «ez baigenekien ‘H’ non jarri behar zen», eta irakasle zein egokituko eta Otamendi bera, «esango zuen honek, zera... niri ‘casero’ deitzen zidana eta orain irakasle!».

Korrikaren ideia bota zeneko Altsasuko bilera hura ere ez du ahaztu Otamendik. Joseba Campo eta Urtsa Errasti aipatu ditu eta gogoan duela nola joan ziren bilera hartara ideiarekin. Ez du oso gogoan momentuko erreakzioa, baina «suposatzen dut bakarren batek erotzat hartuko zituela, seguru... ero bati soilik okurritzen zaiolako horrelako zer edo zer egitea...».