INFO
Entrevue
ANAIZ FUNOSAS
BAKE BIDEA-KO LEHENDAKARIA

«Bada garaia instituzioek gizarte zibila bidelagun hartzeko»

Gatazkaren konponbidean Ipar Euskal Herriko gizartearen inplikazioa sustatzen urteak daramatza. Bakearen artisauek ETAren armagabetzea beren gain hartu zutenetik, buru-belarri aritu da elkarlanean, bakeranzko bidean «etapa» hau egia bihur dadin.


Akituta baina oso pozik daude bera eta Bake Bideako gainerako kideak Luhusokotik joan den larunbaterako tartean erdietsitakoarekin. Bake prozesua bururaino eramateko jendarte zibilaren potentziala eta indarra agerian geratu dela uste du.

Armagabetzea jada errealitatea da. Nola baloratzen duzu apirilaren 8koa eta horren aurretik izan den mobilizazio guztia?

Dudarik gabe, armagabetzea mugarri izan da bake prozesurako. Aitzinetik egindako lan guztiaren ondorioa izan da, baina era berean aurrean ditugun beste gaietan (preso eta iheslarien itzulera zein elkarbizitzari lotutakoak) hausnartu eta garatu behar dugun bidea izan behar du. Elkarren artean eraikitzen den bidea. Larunbateko eguna oso positiboki baloratzen dugu. Biziki hunkituak gaude herritarrek nola erantzun duten ikusirik eta bake artisauei eskaini dieten babesarekin. Azken finean, egun hori egingarri bilakatu dute.

Herritarrak hainbeste inplikatzeak harritu zaitu?

Ez, harritu ez. Badira urteak jendeak eragin nahi duela sentitzen dugula. Arazoa da zer modutan eragin. Egia da orain aurreikusten ez zen gai batean, armagabetzean alegia, asmatu dela. Hori kontuan hartu behar da; hau da, herritarrek beren tokia atzeman dezaten perspektiba izan behar dugu. “Bake egile” kontzeptu horrek herritarren grinari erantzun diola uste dugu, bestela ez zen hainbeste jende bilduko Baionan larunbatean. Orain, denen artean –eragile, norbanako zein instituzioak– bakegile izaten nola segitu hausnartu behar dugu, apirilaren 8an ez baita ezer bukatu, hasi besterik ez da egin.

Bake artisauen ekimenean buru-belarri ikusi zaitugu elkarlanean, baina halako ekimena bada gutxienez bitxia ezta? Jende asko eszeptiko zegoen horrelako bide arraroarekin...

Kontua da gure gatazkaren konponbidean gizarte zibilaren paperaz gogoetatzen eta benetan garrantzia ematen hasi den lehen aldia dela. Orain arte konponbidea beti maila konkretu batzuetan delegatu egin da. Gizarte zibilaren bultzadatik bake prozesua egingarri bihur daitekeela sinestea kostatu zaigu. Jendarte zibil askotariko horren indarrean, bake prozesuari egin diezaiokeen ekarpenaz, baita estatuen jarrerak aldarazteko ere, ez gara jabetu. Luhusokoa eta gero inork gutxik pentsatuko zuen Estatu frantsesak larunbatekoa egiten utziko zuenik eta lortu da. Orduan, bada garaia jendarte zibil bezala gure indarrean sinesten hasteko, eta bada garaia ere eragile politiko eta sozialek sinesteko, eta instituzioek uler dezaten gizarte zibil hori bidelagun hartu behar dutela, bake prozesua bururaino eramateko aktibo ederrena eta indartsuena dela, alegia.

Instituzioen inplikazioaz ari zarenez, nola ikusi dituzue Hego Euskal Herria hainbat erakundek gizarte zibilarekin agertzeko oraindik dituzten errezeloak?

Bake Bideak ez du instituzioekin izandako eztabaidetan parte hartu, hori bake artisauen afera izan da. Halere, positiboki baloratzen ditugu azken egunetan eman ziren hainbat pauso, legebiltzarren adierazpenak, Bilboko prentsaurrekoa...

Batzuek aitortu dute hau porrot bat izan zitekeela, baina arrisku horren gainetik, aurrera egin zen...

Aspalditik dakigu soilik arriskuak hartuz lortuko dugula bake prozesu hau bururaino eramatea. Baina Bake Bideatik ez dugu sekula planteatu arriskua hartzetik, baizik eta bake prozesuaren garapenerako oinarria sendotzeko ikuspegitik, preso eta iheslarien itzulerarako, biktima guztien errokonozimendurako, memoria lanetarako, gure iragana ulertzeko... Larunbatekoa, beraz, erronka bezala hartu dugu, bake prozesuari arnasa berria eman eta garaile-garaile eskeman pauso berria izateko.

Justiziaren aldetik erreakziorik espero duzue?

Ondorio judizialak izan daitezke, jakina. Baina halakorik gertatuko balitz, gobernua eta justizia zeren aitzinean aurkituko diren badakigu: hautetsi, eragile, norbanako talde zabal baten aitzinean. Jendeak erabat asumitua du egin duen lana, eta jendarte zibilaren indarretik armagabetze ordenatu eta egiaztatua lortu da. Errepresioa irits daiteke, baina frantses justiziak badaki parean ere erantzun batekin topo egingo duela.

Armagabetzearekin bakea eskuratua dela diote batzuk...

Ez. Inola ere ez. Bakegintzan ari gara eta hor etapa bat pasatu dugu. Hastapenetik esan dugu eta Foro Sozialean definitzen genuen jada erabateko armagabetzea bake akordio bat laguntzeko eta garatzeko tresna bat dela. Orain segurtatu behar duguna da egiaz lagungarri izango dela.

Beraz, atseden hartzeko betarik ez. Bizikidetza, presoak eta abar astintzeko indarra badagoela uste duzu?

Bai, eta gure ardura da Luhusotik ireki den dinamika positibo eta herritar hori gai guztietarako aktibo bilakatzea. Gai larriak dauzkagu mahai gainean. Esaterako, ezin da gehiago itxaron gaixorik diren presoen edota baldintzapean atera daitezkeenak etxeratzeko eta gainerakoak hurbiltzeko, ezta epe zinez labur batean salbuespen neurri guztien lanketa egin eta lorpenak erdiesteko ere. Horretan jendartea parte sentitzen den uste osoa dugu eta bideak asmatuko ditugu. Estatuak inplikatzen ez badira ez dela ezer lortuko pentsatzeari utzi, eta gizartearen indarraren kontzeptua barneratuta, Euskal Herrian beste inon ikusten ez diren bideak asmatu behar ditugu.