INFO

LABek eta ELAk 10 urte eta gero Iruñeko Udaleko langileen akordioa sinatu dela txalotu dute

Iruñeko Udalak Funtzionarioen eta Kontratatutako Langile Administratiboen Akordioa sinatu du. «10 urtez inolako akordio legal propiorik gabe egon eta gero, aldarrikapen historikoak jasotzen dituen akordioa» dela nabarmendu du ELAk, eta LABek, aldiz, «gustatuko litzaigukeen akordioa ez izan arren» aurreko «asko» hobetzen duela azpimarratu du.


«Gustoko izango genukeen akordioa ez izan arren, baldintzak modu nabarmenean hobetzen ditu», adierazi du LAB sindikatuak ohar baten bidez. Honekin, Udal langileen baldintza hobetzeko «aukera ona» geratzen dela gehitu dute.

Zentzu horretan, LABek akordioa sinatu du, «baina hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartuta». Gogora ekarri dute testu honen negoziazioa «testuinguru jakin batean» eman dela. Horregatik, hau hobetzeko negoziatzen jarraituko dutela azpimarratu dute «Madril eta Europatik datozen legeek markatutako egoera hau aldatu bezain azkar».

Hala ere, nabarmendu egin dute hizkuntza politiketan, ordutegi malgutasunean, jardunaldi murriztuan edo baimenetan, besteak beste, eman diren hobekuntzak.

Bestalde, testuak «ELAk nahiko lituzkeen aldarrikapen guztiak» biltzen ez dituen arren, sindikatuak «oso positibo» baloratzen du behin-behinekotasuna %6ra murrizteko Udalak egindako apustua, ultraaktibitatea mugagabea izatea eta euskara sendotu eta sustatzeko pausoak.

Adierazi dutenez, «hausnarketa sakon baten ostean» babestu dute testua «nahiz eta sindikatuaren aldarrikapen guztiak barne ez hartu, abiapuntu ona» dela iritzita, eta sindikatuak markatutako «marra gorriak errespetatzen dituelako».

ELAk txalotu egin du «aurreko gobernuaren euskararekiko jarrera deuseztatzailearekin bukatu izana», eta aintzat hartzen du oraingo gobernu taldeak «euskararekiko egiten duen apustua, bai herritarrentzako harrera elebitan bermatu ahal izateko eta baita langileen euskalduntzean laguntzeko ere».

Era berean, akordio honek Udal honetako langileek zuten aldarrikapen historikoa den C eta D mailetako promozioa jasotzen duela nabarmendu du. «Langile hauek beraien funtzioak kontuan hartzen direla ikusiko dute, eta ondorioz, ordaindu egingo zaizkie».

Hala ere,  faltan sumatzen du «legeak ezartzen dituen mugetatik aldentzeko Udalaren autonomia», eta horrela Udalak dioen langileen baldintza ekonomikoak eta sozialak «hobetzeko duen borondate politikoa gauzatzea».