Milaka pertsonek aldarrikatu dute Gasteizen Oier Gomezen askatasuna
Larriki gaixo dagoen Oier Gomez euskal preso politikoarekin elkartasun eguna izan dute gaur Gasteizen, eta milaka pertsona batu dira arratsaldean egin duten manifestaziora. Gomezek berak ere esker hitzak helarazi ditu: «Kriston indarra eman didate zuen animo guztiek, eta etortzen dena etortzen dela nik sutsu eta tinko segituko dut borrokan».
Milaka lagun bildu dira Gasteizen OiertxoSOS plataformak deitutako elkartasun egunari jarraiki. Arratsaldean Andra Mari Zuritik abiatutako manifestazioan jendetza bildu da Oier Gomez eta larriki gaixo dauden gainontzeko euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko.
Eguneko une hunkigarrienetako bat presoaren beraren hitzekin iritsi da. Gutun labur bat bidali nahi izan du jasotako babes guztia eskertuz, eta borrokan jarraitzeko asmoa argi utzi. «Nola eskertu hilabete hauetan eman didazuen elkartasun eta indar guztia, eta nola eskertu larriki gaixorik gauden euskal preso politiko guztien eta aldi berean euskal preso politiko guztien askatasuna lortzeko eraman duzuen borroka itzela. Eredugarria izaten ari da zuen erantzuna. Hunkigarria izan da niretzako. Kriston indarra eman didate zuen animo guztiek, eta etortzen dena etortzen dela nik sutsu eta tinko segituko dut borrokan. Elkartasun eta indar guztiak bidali nahiko nizkieke preso eta larriki gaixorik dauden beste kide guztiei eta beraien senideei eta nola ez nire elkartasun guztia zuei ere egin duzuen lanagatik».
OiertxoSOS plataformako kideek, Gomezek askatasuna ahalik eta azkarren behar duela adierazi dute: «Minutu bakoitzak kontatzen du».
Hatortxu Rock 20 aurkezpena
Larriki gaixo dagoen euskal preso politikoaren egoera salatu eta bere askatasuna aldarrikatzearekin batera, Hatortxu Rockek deialdiarekin bat egin du eta uztailean Lakuntzan egingo duen elkartasun jaialdia aurkeztu du arabar hiriburuan.
Strombers eta Voltaia taldeekin «presoak etxeratzeko beharra» nabarmendu dute eta udako zita Euskal Herri osoak berea bezala hartu behar duela nabarmendu. «Denon artean, denak etxera».