INFO

Kortxoenearen desalojoarengatik epaitutako bi lagunak akordio batera heldu dira

Donostiako Kortxoenea gaztetxearen desalojoaren ondoren izandako protesta batean parte hartzeagatik gaur epaitu dituzten bi lagunak akordio batera heldu dira. Ondorioz, 3 eta 6 hilabeteko espetxe zigorra onartu dute baina ez dute kartzelara joan beharko.


Epaitegiaren aurrean kontzentrazioa egin dute epaituei sostengua adierazteko. Kortxoenea gaztetxeko bi eledunek azaldu dutenez auziperatuei urtebeteko espetxe zigorra eskatzen zien Fiskaltzak. Gauzak horrela, akordio baten bidez zigorra jaistea lortu dute «nahiz eta faltsuak ziren karguak onartu behar izan dituzten».

Zigor Kode berria eta Mozal Legea ezarri dietela ere salatu dute. «Horren ondorioz, zigor etetea asko luzatzen da. Lortu dute bi urtekoa bakarrik izatea, baina aplikatu diete. Zigor kodearen gogortze horrek helburu bezala dauka jendea kaletik ateratzea, jendea desaktibatzea. Bi urte horietan espetxe zigorra etenda dute, baina edozer gauza gertatzen dela, espetxera joan daitezke», azaldu dute.

«Muntai polizialik ez. Kortxoenea aurrera!» leloa zuen pankartaren atzean elkarretaratzea egin dute auziperatuei sostengua adierazteko. Artean, EH Bilduko zinegotzi Axier Jaka eta Naiara Sanpedro izan dira.