INFO

«Kezkatua» da Kontseilua Nafarroako Gobernuaren euskara dekretuarekin

«Kezkatua» agertu da Kontseilua Nafarroako Gobernuak administrazioan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuari egin dizkion moldaketekin. Kontseiluaren iritziz, «jatorrizko ajea du Gobernuak aurkeztutako dekretu egitasmoak, Vascuencearen Legearen zonifikazioa bere egin duelako».

Kontseiluko ordezkariak, aurreko agerraldi batean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS))

«Legea eraisten ez den bitartean, betikotu egingo da nafarren arteko bereizkeria eta dekretu egitasmoak berretsi besterik ez du egiten ‘eskubide maila desberdineko’ nafarrak daudela», gaineratu du Kontseiluak.

«Dekretuaren idazketa-prozesua garatu ahala, edukiak lausotuz joan dira. Hasiera batean euskaraz artatua izateko eskubidea nafar guztiei bermatzea proposatzen bazuen ere, bukaeran horretara bultzatuko dela jasotzen da soilik, besteak beste. Urardotzera arte heldu da», Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaoren esanetan.

«Nafarren arteko kohesioa indartzeko aukera zuen Nafarroako Gobernuak aipatu dekretuaren moldaketaren bitartez, aitzitik, urte batzuetarako hipotekatu egin du Gobernuak herritar guztiek aukera berdinetan euskaraz bizitzeko duten eskubidea», Bilbaoren esanetan.

Elementu positiboei dagokienez, egoki iritzi dio Kontseiluak hala nola herritarrak euskaraz artatzeko neurriak bultzatzea, Zerbitzu Zentraletan, edo euskara planak egitera derrigortzea legeak ezarritako eremu misto zein ez-euskaldunean, besteak beste.