INFO

Urruntzearen kontrako adierazpena onartu du Donostian Giza Eskubideen Batzordeak

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordeak bere kezka azaldu du Ander Mujika presoaren senideek izandako istripuagatik eta, bide batez, urrunketa politikaren desaktibazioaren aldeko aldarrikapena egiten du, «presoen eta beren senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendu eta zigor gehigarriarekin bukatzeko».

Sakabanaketaren kontrako mobilizazioa, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Adierazpena, EAJ, EH Bildu eta Irabazi Donostiako ordezkarien aldeko bozkekin onartu da. PSEko ordezkaririk ez da bileran egon eta PPk aurkako bozka eman du, Ander Mujikaren senideek sufritutako istripuan kezka azaltzearen puntuan abstenituz, Etxeratek jakinarazi duenez.

Euskal presoen urrunketak eta berauk sorrarazitako eskubide urraketen inguruan jarduten du adierazpenak: «Sufrimendua sortzen duten inposatutako arriskuek ondorio larriak dituzte, eta istripuak etengabe suertatzen dira, urteak 4 hilabete dituenean dagoeneko bost dira jazotakoak. Azkena Ander Mujika donostiarra bisitatzera zihoazen senideek pairatu zuten; 550 kilometrotara dagoen Saint Martin de Re (Frantzia) espetxerako bidean izan zuten istripua gurasoek, anaiak eta 5 urteko ilobak apirilaren 13an».


Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordeak urruntze politika honek ez duela  zentzurik azpimarratzen du eta preso diren pertsonen errotze sozialari, euren senide eta lagunak kaltetuak direlarik mesederik egiten ez diola aipatzen du. Adierazpenean  ere «ETAren behin betiko etenaren ondoren, bere armagabetzea barne, egoera hau luzatzeak» ez duela inolako zentzurik jasotzen da. «Orain, aldatzeko aukera dugu, oinaze guztiak kontuan hartzeko unea da, pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko eta etorkizun hobeago bat eraikitzeko momentua, urrunketari amaiera emateko ordua da. Senideen sufrimenduarekin amaitzea beharrezkoa da», gaineratzen du adierazpenak.