INFO

Euskarazko karrera-amaierako proiekturik onenak saritu ditu Mondragon Unibertsitateak

Euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean. Mondragon Uniberstitateko bi proiektu saritu dira: bata Enpresagintza Fakultatekoa eta bestea Goi eskola Politeknikokoa.

Sarituak eta epaimahaiko kideak. (MONDRAGON UNIBERTSITATEA)

Lehen sariaren irabazlea Mikel Irusta Zurikarai izan da, Enpresagintzako ikaslea, IK-4 Ikerlanentzat egindako ‘IK-Ikerlanen informazio tresnen garapena jabetza industrialean oinarrituriko negozio ereduaren mesedetan’. Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak 1.500 euroko saria eman diote seigarren edizio honetan.

Bigarren sariaren irabazlea Irati Abad Fernández izan da, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea, Fagor Arrasaterentzat egindako proiektu honengatik: ‘Konpositeentzako HCL eta kargadorea duen transfer prentsaren diseinu estetikoa’. Kasu honetan, Mondragon Unibertsitaeak eta Mondragon Korporazioak 500 euroko saria eman diote.

Sariok duela sei urte sortu ziren, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Modragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. Mondragon Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Fakultateetako kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

Guztira 194 proiektu egin dira euskaraz Mondragon Unibertsitatean, eta horietako 16 onenak ebaluatu dira sarirako, Enpresagintza Fakultatetik, Goi Eskola Politeknikotik eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.