INFO

10.000 ikus-entzuletik gora izan dira FANT jaialdian

Bilboko FANT Zinemaldi Fantastikoak 10.064 ikus-entzulerekin amaitu du 23. edizioa. 2016an baino %9 ikus-entzule gehiago izan ditu jaialdiak.

fant

FANT jaialdiak etengabe hazkundea izan duela azken sei urteetan nabarmendu dute antolatzaileek. 10.000 ikus-entzule baino gehiago izan ditu, 2016an baino %9 gehiago.

Programaturiko 50 emanaldi baino gehiagotan aretoa beterik egon da Eduardo Casanovaren ‘Pieles’ filmaren inaugurazio ekitaldian; Sekzio Ofizialean lehiatu zen Roberto San Sebastianen ‘La Noche del Virgen’ lana ikusteko saioan; eta FANT Maisuak sekzioaren barruan ‘La Residencia’ filmaren, Chicho Ibañez Serradoren lan klasikoaren, emanaldian.

Pre-FANTeko emanaldietara ere inoiz baino lagun gehiago hurbildu dira. Hain zuzen ere, 1.114 pertsona, 2016an baino ia 400 gehiago eta 1.566 ikasle hurbildu zirela FantEskola saioetara.

Zine egitaraua osatu duten jarduera paraleloetan beste 1.770 pertsonak parte hartu dute. Horien artean daude, Guggenheim museoarekin batera antolaturiko Art After Dark saioak, Azkuna Zentroan Rob Zombieren omenez egin zen kartelen erakusketa edo Aranzazu Callejarekin egindako Dj saioa.

Aurtengo edizioan, Yeon Sang-ho zinegilearen Seoul Station (Hego Korea, 2016) film luzeak irabazi du Film Hoberenaren FANT 2017 Saria. Fanteko epaimahaiak film hori aukeratu zuen, «animazioaren estereotipoetatik irteteagatik eta pertsonaiak erabat gizatiar bilakatzeagatik». Yeon Sang-hok berak sinatzen du Seuleko geltoki zentralean girotuta dagoen filmaren gidoia.