INFO

Erleak protagonista Baionako karriketan, ekimen anitzen eta erlauntzen bitartez

«Erlea gure jagole preziatua» izenburuarekin programazio berezia antolatu du Baionako Herriko Etxeak maiatza eta uztaila bitartean. Ingurumenaren zaintzaren garrantzia ekimenen bitartez lantzearekin batera erlauntzak jarri dituzte hiriaren bihotzean.


Erlearen egoera bioaniztasunaren, klima aldaketaren eta ekosistemen galeraren ispilu da», azaldu zuen Martine Bisautak, Baionako Garapen Iraunkorreko zinegotziak. Intsektu preziatuaren haritik tiraka jardunaldi hauetan gai anitz jorratuko dira, emanaldi, animazio, mintzaldi eta erakusketen bitartez. Egitasmo honen berezitasunetako bat da erlauntzak jarri eta kokapen egonkorra izanen dutela.

Ostegun goizetik bere baitan 20.000 erle dituzten bost erlauntza edo kofoin daude Baiona erdialdeko Balichon auzoan, eta hurrengo hilabeteetan Caradoc parkean ere izanen dira. Udan orotara 400.000 intsektu eztigile bil ditzaketen kofoin horiek hirian, etxez inguratutako gune batean ezarriak izan dira. Auzoaren dinamismoak eta proiektuarekiko engaiamenduak eraman ditu erleak bertara. Izan ere, bertan kokatzen den Herritar Biziaren Etxearen inguruan dagoen dinamikak bultzatu du proiektua.

Herriko Etxea antolatzaile eta kudeatzailea bada ere, sustatzaileak elkarteak eta horien artean dauden auzokideak izan dira. Laguntzaileetara begiratuta pertsona partikularrak atzeman daitezke, baita mota guztietako elkarteak ere, izan kulturalak, gazteenak, dendarienak, lizeoak, musika kontserbatorioak... Bisautak programaren interesa parte-hartze anitzaren bitartez ere azaldu zuen, eta erlauntzen ezarpena horretan oinarritu dela gaineratu zuen.

Kofoin horien inguruan atelier pedagogikoak eskainiko dira, gizarte dinamika hori handitzeko asmoz, eta aldi berean ingurumena, elikadura edo zientziari loturiko esperientziak partekatzeko. Artpiculture ingurumenari buruzko heziketa ematen duen elkarteak zuzenduko ditu “Erlea, bizi iturri” izenburu izanen duten ikastaroak. Erlauntzen inguruan jarri dituzten egurrezko hesietan leihoak egin dituzte auzokoek eta bisitariek kanpotik ikus ditzaten, baina traba egin gabe begiratu eta ikasteko. Kofoinaren zaintza hemendik goiti auzoko jendearen eta elkarteetako kideen esku geratu da, baita ateratako eztia banatzeko erabakia ere.

«Horrelako proiektua abian eman ahal izan da politika jasangarria eramaten baita Herriko Etxetik, baratzeetan ez da produktu fitosanitariorik erabiltzen, baratze partekatuak daude gune hauetan... Beharbada gero jendea balkoietan loreak jartzen hasiko da» baieztatu zuen Fabrice Cauchik, Lorategi Publikoetako zuzendariak. Herriko Etxetik jakinarazi zuten, beste auzoetan jendeak interesa balu, gehiago jartzeko prest leudekeela.

Programazio anitza

Maiatzaren 25etik uztailaren 16ra emanaldiak, animazioa, mintzaldiak eta erakusketa izanen dira Baionako hamahiru gunetan. «Proiektu honekin nahi dugu gutariko bakoitza hunkitu, mugiarazi gure gestuek, jarrerek eta erabakiek erleak eta orokorki gure planeta zaintzen segitzeko. Egitasmo hau azken urte hauetan daramagun garapen iraunkorreko politikaren baitan kokatzen da», baieztatu zuen Jean-Rene Etchegaray hiriko auzapezak.

Hitzordu nabarmenen artean Eric Tournereten mintzaldia izanen da. Nazioartean ezaguna den erle argazkilariak, munduan zehar egin dituen bidaiak kontatuko ditu “Eztiaren bideak” izenburupean. Munduan zehar egin dituen bidaien eta ikusi dituen gauzen inguruan gogoetatuko du uztailaren 12an, Gaztetxean.

Tourneret hilabeteetan Baionan presente izanen dela erran daiteke, bere argazkiak hiriko gune ezberdinetan izanen baitira hurrengo astetik, irailaren bukaerara arte. Poterne, Lorategi Botanikoa eta Sainte-Catherina karrikan uztailaren 16ra arte mintzaldiari izenburua eman dion liburuko argazkiak izanen dira. Natura Historiaren Museoan, irailaren 9ra arte, bere beste erakusketa bat erakutsiko dute“Erlea & kia”.

Beste momentu interesgarria ekainaren 16ko mintzaldi-eztabaida izanen da: “Agroekologia elikadura sano eta ingurumen iraunkorraren alde” gaiaz mintzatuko da Marc Dufumier ingeniari agronomo eta ikertzailea. Agroekologiako espezialistaren ondoren eztabaida izanen da, non Jean-Rene Etchegaray, Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidente ohia eta Alain Darroze “Nola erantzun biharko laborantza eta elikadura erronkei?” galderari erantzuten entseatuko diren.

Tailer mota ezberdinak ere egongo dira, eta horien artean erlearen eta euskal kulturaren arteko harremana ezagutzera emanen dute haurrekin. Euskaraz eskainitako atelier hauetan erleak euskal mitologian duen tokiaren inguruan mintzatuko dira.

 

Erleen zaintza eta ezagutza sustatzen dituen Baionako elkartea

Hamar urte iragan dira Erlea elkartea Lapurdiko hiriburuan sortu zenetik. Intsektu hauen biziraupenarekin kezkatuta sortu zuen Marie-Helene Castayk. Baiona erdialdean duten dendaren bitartez erlezaintzara hurbildu nahi duten pertsonei gune bat eskaintzen diete. Herriko Etxeak abian ezarri duen proiektuaren oinarrian dago elkartea, hasieran erakusketa soil bat izan behar zenari helduta garatu dena.

Zaletasun handiko lagunez osatutako elkartea da, eta produktuak saltzearekin batera, informazioa, laguntza eta ikastaroak ere eskaintzen dituzte, Itsasun eta Saint-Martin-de-Seignanxen dauzkaten erlezain eskoletan.I. E.