INFO

Garbiñe Aranburu %91,5eko babesarekin izango da LABeko idazkari nagusia

LABen Nazio Komite berrirako proposamenak ia erabateko babesa –%91,5– jaso du sindikatua Gasteizen egiten ari den IX. Biltzar Nagusian. Ponentzia politiko-sindikalak ere «oso babes zabala» jaso du. Bihar izendatuko dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren ordez.

Ainhoa Etxaide, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo, biltzarrean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Gaur hasi du LABek bere IX. Biltzar Nagusia Gasteizko Europa jauregian. 500 biltzarkide, nazioarteko 34 ordezkaritza eta Euskal Herriko hainbat gonbidaturekin, horien artean ELA, ESK, Steilas eta EHNE sindikatuetako ordezkariak eta Sortu, Ernai, Sare eta Bilgune Feministako kideak, besteak beste.

Goizeko saioan Ainhoa Etxaidek 2012ko Biltzar Nagusitik honako bilana egin du eta kudeaketa txostenak biltzarkideen erabateko babesa jaso du. 

El Duesoko espetxean preso dagoen Rafa Diez idazkari nagusi ohiaren agurra ere jaso dute, bere seme Naikek irakurri duen eskutitzaren bitartez.

Sindikatuak jakinarazi duenez, Nazio Komite berrirako proposamenak biltzarkideen %91,5en babesa jaso du eta ponentzia politiko sindikalak ere «oso babes zabala» izan du.

Gatazka politikoari eta migratzaileei buruzko ebazpenak

Horrekin batera, Biltzar Nagusiak bi ebazpen onartu ditu, bata gatazkaren konponbidearen ingurukoa eta bestea migratzaileen ingurukoa.

Bihar bukatuko da LABen Biltzarra Ainhoa Etxaide egungo idazkari nagusiaren agurrarekin eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusi berriaren hitzartzearekin. Hurrengo bost urteotan sindikatua gidatuko duen Nazio Komitea aurkeztuko dute. Nazioarteko hainbat ordezkarik, Sortuko Miren Zabaletak eta ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek ere parte hartuko dute.