INFO

Bazterketa arriskuan dauden guneentzako «konponbidea» eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk elkartasuna helarazi nahi izan die La Landako eraikin batean gertatutako suteak eragindako kaltetu guztiei eta baita ere Zorrotzako auzoari. Lau lagun hil ziren larunbat goizeko sutean eta larri zauritutako hain bat bizilagun ere oraindik ospitalean daude.

Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko bozeramailea Bilbon. (@ehbildubilbo)

La Landarako eta bazterketa arriskuan dauden beste guneentzako «behin betiko konponbidea» eskatu du Bilboko EH Bilduk komunikabideetara igorritako oharrean.

Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduren Bilboko bozeramaileak, koalizioko beste zinegotziekin batera, auzokideek deitutako manifestazioan parte hartuko duela iragarri du.

EH Bilduren Bilboko ordezkariek Zorrotzako auzokideek gaur arratsalderako deitutako manifestazioan parte hartuko dute. «Bizitza baldintza duinek elkarbizitza ona erraztuko dute!» izango da mobilizazioaren lelo nagusia.

«Kaltetutakoei ostatu eman behar zaie. Izan ere, orain arte ahaztuak egon dira. Etxe horiek arauz kanpo daude 1995 urtetik. Beraz, berdin da zein izan den sutearen arrazoia. 20 urte dira etxeak arauz kanpo daudela eta egoera txarrean egon dira. Ezinbestekoa da behin betiko irtenbide bat aurkitzea», nabarmendu du Aitziber Ibaibarriaga, EH Biilduren Bilboko bozeramaileak prentsara bidalitako oharrean.

Aldi berean berean, Bilboko EH Bilduk elkartasuna helarazi nahi izan die zaurituei, kaltetutako pertsona guztiei eta Zorrotzako auzoari. Larunbat goizaldean lau lagun hil ziren La Landako eraikin batean gertaturiko sutean.