INFO

Pertsona ugarik sostengatu du Errekaleorren aldeko manifestua

Kultur eta kirol alorreko pertsona ugarik sostengatu dute Errekaleorren aldeko manifestua, Gasteizen 15.000 etxe hutsik daudela nabarmenduz eta espekulazioa salatuz.

Errekaleorren aldeko mobilizazioa, Gasteizen maiatzaren 18an. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Kezkaturik gaude: Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ‘eraztun berdeari’ segida emate aldera auzoa lehenbailehen eraisteko asmoa agertu berri du eta han bizi direnei ‘instituzioekin negoziatu nahi ez duten antisistemak’ deitu die. PP alderdiak, berriz, ‘ebazpen antiokupa’ bat aurkeztu berri du», azaldu dute sinatzaileek, Errekaleorren bizi direnei babesa adierazi duelarik. Maiatzaren 18an argindarra moztu zieten Errekaleorreko biztanleei.

«Gasteiz higiezinen burbuilak puzturiko hiria da, duela 20 urte baino 30.000 mila lagun gehiago bizi gara, baina ia 2 aldiz handiagoa egin zaigu eta 15.000 etxe huts daude. Espekulazio horren biktima izan zen Errekaleor zaharra», gaineratu dute.

«Errekaleorreko bizilagun berriak auzoa biziberritzeaz arduratu dira azken 4 urteetan. 2013an, iritsi zirenean, Errekaleorren oraindik geratzen ziren auzotar zaharrekin hitzartu zuten etxeen okupazioa. Errekaleor biziriki esker berriz jarri da martxan auzoko zinema zaharra, gizarte etxea, frontoia, baina gainera 2 hektareako baratza jorratzen dute, oiloak, okindegia, inprenta, gaztetxea, musika jotzeko lokalak... Arduratu dira, halaber, etxeetako teilatuak, leihoak, hormak, etxeak, etab. berritzen», txalotu dute Errekaleorren egindako lana.

«Ez da ez errentagarria eta ez ekologikoa bizirik dagoen auzo bat eraistea eraztun berdeari segida eman edo baratze ekologikoak egiteko. (Bide batez Errekaleor auzoa eraztun berdearen parte bada gaur egun, auzo oso bat era ekologiko eta komunitarioan bizitzen, eraztun berdearen punturik ederrenetakoa)», nabarmendu dute.

Sinatzaileen artean, besteak beste, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizanal, Ruper Ordorika, Josu Zabala eta Gari musikariak; Oihane Perea, Asier Otamendi, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre eta Ruben Sanchez bertsolariak; Bernardo Atxaga, Iban Zaldua, Toti Martinez de Lezea eta Patxi Zubizarreta idazleak; Karra Elejalde, Gorka Aginagalde eta Eloi Beato artistak; Blanca Urgell, Cesar Manzanos eta Txema Ramirez de la Piscina unibertsitate irakasleak; eta Manu Garcia, Juanito Oiarzabal eta Einar Galilea kirolariak daude.

Larunbatean Errekaleorren aldeko manifestazioa izango da Gasteizen.