INFO

700 korrikalari baino gehiagok egin dute lasterka Oñatin egungo espetxe politikaren aurka

Lasterbideanek bere V. edizioa gauzatu du Oñatin. Euriari eutsiz, arrakasta izan du preso politikoekiko elkartasuna adierazten duen lasterketak, 700 korrikalari baino gehiagok hartu baitute parte bertan.

700 korrikalari elkartu dira Oñatiko abiapuntuan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Eguraldi kaskarra izan dute igande honetan Oñatin bildu diren lagunek, baina giroak berotu ditu lasterkarien animoak. 8,4km-tako ibilbidea osatu behar izan dute lasterketa luzean abiatu direnek -laburragoa egiteko aukera ere bazen-, herriko auzo guztiak zeharkatu dituen ibilbidean, hain zuzen.

Hala, 700 lagun baino gehiagok hartu dute parte Lasterbidean ekimenaren V. edizioan. Bigarren aldiz ospatu da Gipuzkoan -lehen edizioa Oiartzunen egin zen-, lasterketa Ipar Euskal Herrira eramateko ahaleginek ez baitute fruiturik eman.

Egungo espetxe politikaren aurkako 700 pertsona izan dira, berau deuseztatu nahi duten 700 arima. Lasterketa amaitu osteko ekitaldian adierazi dutenez, errepresaliatuen eta senideen giza eskubideak errespetatzea eskatu dute bertan, «urgentea baita gure herriak bakearen aldeko bideak irekita aurkitzea».

Hilabeteetako lanaren emaitza izan da igande honetan Oñatin ikusi dena, eta Lasterbideanetik Oñatiko herria zoriondu nahi izan dute gaurkoa posible egiteko «etengabeko lanean» aritu delako: «Gure txalorik beroenak denontzat, Lasterbidean posible egin duzuen guztioi».

Kolore gorria nagusi, beraz, gaur Oñatiko kaleetan. «Erakutsi dugu esperantzaren kolorea gorria ere izan daitekeela, eta elkartasunak hamaika aurpegi, hamaika pauso dituela. Batzuetan oinez, bestetan autobusez, edo gaur bezala korrika, elkartasun pausoak ematen ari gara», adierazi dute.

Epe luzerako lasterketa izango denaz jakitun, eurena «oztopo» lasterketa dela gaineratu dute. «Arineketan darraigu, urrunketari bidezidorra topatu nahian. Geldialdirik gabeko lasterketa honekin jarraitu beharra daukagu, arnasa ondo hartuta, gaur kartzeletara joandako senide eta lagunekin konpartitu eta gure helmuga lortu ahal izateko».