Mobilizazioak Errekalden eta Alde Zaharrean emakumeen aurkako erasoak salatzeko
Errekaldeko emakumeen elkarteak elkarretaratzea egin du asteazken arratsaldean auzoan gertaturiko azken indarkeria kasua salatzeko. Bilboko mugimendu feministak berriz, ostegun arratsaldean Leioako campusean EHUko ikasle batek ikaskide bati egindako sexu erasoa salatu eta erasotzaileari aurre egitera deituz, mobilizazioa antolatu du.
Igande gauean 32 urteko gizonezko bat atxilotua izan zen Errekalde auzoan bere bikotekidea kolpatu eta mehatxatzeagatik. Errekaldeko emakumeen elkarteak elkarretaratzea antolatu du ekainaren 7an, asteazkena, arrratsaldeko 19.30etan Errekaldeko plazan.
Bestalde, Bilboko mugimendu feministak ostegun arratsaldean mobilizazio bat antolatu du. 20.00etan jarri dute hitzordua Alde Zaharreko Etxebarrieta plazan. Joan den astean Ertzaintzak 20 urteko ikasle bat atxilotu zuen, ikaskide bati sexu erasoa egitea leporatuta. «Erasotzaileei aurre!» da mobiliazioaren leloa eta salatzen dutenez, atxiloturiko gizonezkoa Arte Ederretako ikaslea da eta beste zenbait eraso burutu ditu azken hiru urteetan.
Azaltzen dutenez, mobilizazioaren helburua ondokoa da: «Lehenik eta behin, jakin dezan gure artean lekurik ez duela. Ez dugula gure klaseetan, gure auzoan, Bilbon ez inon orain arte bezala lasai ibiltzerik onartuko. Kasuaren berri izan dugu, bildu gara, ezagutu, babestu, antolatu eta batera borrokatzeko prest gaude».
«Leioako ikasleok, Santutxuko auzokideok eta Bilboko emakumeok batera erantzuteko eta borrokatzeko antolatu gara. Ez ditugu onartuko nahi ez ditugun mezuak, deiak, “piropoak” edo mehatxuak, klasean, auzoan edo jaietan. Ez dugu beldurrik; orain asko gara», azpimarratzen dute oharrean.