INFO

BECen emakumezko langileak diskriminatu dituztela salatu du LABek

BEC Bilbao Exhibition Centre-ren aurkako salaketa egin du LABek, duela urtebete ordezkapenak egiteko hartu zituzten hiru emakumeei erretiroa hartutako hiru gizonezko langilek zutena baino kontratu eskasagoa egin dietela-eta


BEC Bilbao Exhibition Centre-ren aurkako salaketa egin du LABek, duela urtebete ordezkapenak egiteko hartu zituzten hiru emakumeei erretiroa hartutako hiru gizonezko langilek zutena baino kontratu eskasagoa egin dietela-eta. Hiru erretiratuek lehen mailako administrari ofizial kontratua zuten eta hiru langile berriei, ostera, bigarren mailakoa egin zien BEC enpresak, «nahiz eta funtzio eta ardura berberak bete eta prestakuntza maila altuagoa izan», adierazi zuen sindikatuak. Hori dela-eta, elkarretaratzea egin zuten atzo BECen aurrean.

Enpresa-batzordeak, auziaren berri izan zuenean, zergatia argitzeko Giza Baliabideen departamentura jo zuen. Honek kontratu mota hori probaldian baino ez zutela izango argudiatu zien, eta hori bete zedin jarraipena egiteko ardura hartu zuen batzordeak. Alabaina, urtebete honetan ez diete kategoria aldaketarik egin eta berriz ere Giza Baliabideen departamentuarekin harremanetan jarri direnean kontratuak aldatzeko asmorik ez dutela ziurtatu diete.

Gauzak horrela, sexuaren araberako diskriminazio zuzentzat jo du gertaera LAB sindikatuak, eta BEC enpresa publikoa den heinean egoera are larriagoa dela azpimarratu dute. Hortaz, bide administratibo eta penaletik ikerketa ireki behar dela uste dute; «eta praktika diskriminatzaile hauekin jarraituz gero, diru publikoz laguntzeari utzi eta dagozkion neurriak hartzea exijitzen dugu». «Jarduera hau generoagatiko diskriminazio zuzenaren adibidea da eta argiki urratzen du Eusko Jaurlaritzaren 2005eko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Legea», zabaldu du sindikatuak bere webgunearen bitartez. Legedi horren arabera, zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da sexu arrazoiengatik pertsona bat beste edozein baino okerrago tratatzen duen ekintza oro.

Era berean, Berdintasun Legea aplika dezatela exijitzen diete instituzioei eta berau benetan bete dadin beharrezko dituzten mekanismoak jar ditzatela. Sindikatuak gogorarazi du ez dituela inoiz onartuko jarrera matxistak eta emakumeekiko diskriminatzaileak diren ekintzak, «eskubide berdintasunari mesede eskasa egiten diotenak».