INFO

Aldaketaren sanferminetan sakonduko dute aurten Herri Sanferminetako eragileek

Iragan urtean irekitako ate berriaren baitan urratsak egiten jarraitu asmoz, aldaketaren sanferminetan sakontzeko prestutasuna adierazi dute Herri Sanferminetako eragileek. Hala, bi jai gune eraikiko dituzte Iruñea erdigunean.

Herri Sanferminetako kideak, programaren aurkezpenean. (NAIZ.EUS)

Agerraldia egin dute larunbat goiz honetan Herri Sanferminak mugimendua osatzen duten eragileetako kideek, 2017ko sanferminetako euren asmoen berri emanez. Zentzu horretan, iragan urtean abiatutako norabidean sakontzea dagokiela adierazi dute.

«Urteak eman ditugu Iruñeko bizitza soziopolitikoan baztertuak, eta Udalean emandako aldaketari esker ate ezberdinak zabaltzen hasi dira herri mugimendua osatzen dugun eragileontzat», adierazi dute. Ate horietako bat da sanferminetako mahaian parte hartzeko aukera izatea.

Iaz Iruñeko erdigunera egin zuten jauzia, eta ez daukate erdigune hori uzteko asmorik. «Baztertuak izatetik plazara salto egin genuen, euskara plazara, emakumeak plazara, gure kultura, ohiturak, auzolana... plazara eraman genituen», azpimarratu dute. Horretan sakonduz, berriro plazaren erdian kokatuko direla iragarri dute.

Aurtengo apustua plaza txikien aldekoa izango da, jaiaren erdigunean kokatuko diren plaza txikien aldeko apustua. «Gune xumeak» eraikiko dituzte horietan, eurek aldarrikatzen dituzten baloreak lantzeko aukera emanez herritarrei. Zehazki, bi plazatan kokatuko dira: Errekoletak eta O plazetan hain zuzen. Hilaren 6tik 14ra bitarteko egitaraua antolatu dute, adin eta gustu guztietako herritarrentzat.