INFO

Baxoa euskaraz egitearen aldeko aldarria presente egon da azterketaren lehen egunean

Filosofiako azterketarekin eman diote hasiera baxoari Ipar Euskal Herriko 3.000 ikasle inguruk. Lizeorainoko ikasketak euskaraz egin dituztenek ere frantsesez egin behar dituzte probak, Historia eta Matematikakoak izan ezik. Baxoa euskaraz egin ahal izateko elkarretaratzea egin dute eguerdian Angeluko Sainte-Anne azterketa zentroaren atarian.

Baxoa euskaraz aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute Angelun. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Hego Euskal Herriko ikasleek selektibitate proba egin zuten iragan astean eta gaur iritsi zaie txanda Ipar Euskal Herrikoei. 3.000 bat ikaslek hasi dute proba, Filosofiako azterketarekin, eta ekainaren 22an bukatuko dute.

Urteak dira Hezkuntza Ministerio frantsesak azterketa hori euskaraz egin ahal izateko urratsak eginen zituela hitzeman zuenetik. Alta, Historia eta Matematikako probak baino ezin dira euskaraz egin.

Elkarretaratzea

Egoera hori salatzeko, Seaskak, Baxoa Euskaraz ikasle kolektiboak eta Etxepare Lizeoak deituta elkarretaratzea egin dute eguerdian, Angeluko Sainte-Anne azterketa zentroaren aurrean, «Aitzina pausoa, euskaraz baxoa» lelopean.